Europakoaren atariko, Euskal Herriko Sega Liga ere Azpeitian

Uztarria.eus 2013ko mar. 18a, 19:41
Almitza Sega Elkartekoak, sega eta guzti, Manuel Unanue zinegotziarekin.

2015ean banakako Europako Sega Txapelketa jokoan izango da Loiolako santutegiko belardietan. Aurrez, aurtengo ekainaren 30ean, Euskal Herriko Ligaren azken jardunaldia Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoko zelaietan egingo dute.

Aurkezpen bikoitza egin zuten joan den ostiral iluntzean Almitza Sega Elkartekoek Azpeitiko udaletxean, Manuel Unanue Kirol batzordeburuarekin batera. Joan den urtarrilean Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan aurreratu zuten moduan, 2015ean banakako Europako Sega Txapelketa jokoan izango da Loiolako santutegiko belardietan; 2015eko abuztuan izango da hitzordua, 28an, 29an eta 30ean.

Baina, datorren ekainaren 30ean ere izango sega demarik herrian. Egun horretan, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoko zelaietan, 11:30ean hasita, Euskal Herriko Sega Ligaren hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute. Handik aterako dira aurtengo irailean Hego Tirolen egingo den Europako Txapelketan ariko direnen izenak. Bost emakumek eta hamar gizonezkok osatuko dute euskal selekzioa.

Ekainean Azpeitian arituko diren zenbait segalari izan ziren ostiralean udaletxeko Areto Nagusian, bi txapelketen berri emanez: Juan Mari Arrizabalaga, Aloña Galarraga, Jexux Goenaga errezildarra, Joxe Gabirondo, Igor Esnaola eta Miel Mari Jauregi Altzo. Sega eta guzti etorri ziren, gainera.

Azkar eta txukun

1996an sortu zuten Almitza Sega Elkartea eta, harrezkero, Euskal Herriko hainbat segalari dabil Europako txapelketetan. Nolabaiteko filosofia aldaketa eman da azken urteetan; izan ere, hemengo sega apustuetan eta txapelketetan belar kopurua eta pisua gailentzen ziren bitartean, "Europan modalitate oso ezberdina" topatu zuten Almitzakoek. "Azkartasuna eta txukuntasuna" saritzen dituzte Europa mailako lehietan, eta "modalitate hori Euskal Herrira ekartzea izan da gure eginkizuna", diote.

Europako erdialdeko herrietako segalariekin lehiatzen dira euskaldunak nazioarteko txapelketetan. Horrela, Hego Tirol, Suitza, Alemania, Austria, Eslovenia eta "agian" Bosnia-Hertzegovinako segalariak etorriko dira 2015ean Azpeitira.

Kirola eta kultura uztartuta

Bi urte pasa falta dira banakako Europako Sega Txapelketa Loiolako zelaietara iristeko, baina aurten bertan txapelketaren antolakuntzaren eta egitarauaren zertzelada nagusiak zehaztuta izatea espero dute Almitzakoek, "uztailerako". Ordutik aurrera azalduko dituzte "behar zehatzak", baina dagoeneko aurreratu dute herriko jendearen parte-hartzea beharko dutela: "Kanpotik jende asko etorriko da, 300 bat lagun, eta jende asko beharko da antolakuntzarako. Horregatik, herriko jendeari laguntza eskatu nahi diogu".

Izan ere, Europako Sega Txapelketa "ez da izaten kirol froga bakarrik, kultur erakustaldi bat da". Desfileak, kultur eta bestelako kirol ekitaldiak... Txapelketak iraungo duen hiru egunetan zehar ikuskizun bat baino gehiago izango da Azpeitiko kaleetan. "Turismo aldetik herria erakutsi eta Euskal Herriaren berezitasunak azaltzeko" parada egokia izango dela uste du Manuel Unanuek.

Banakako Europako Sega Txapelketa bi urtean behin egiten dute; aurten, 2013an, Hego Tirolen izango da. 2003koa Seguran izan zen, eta orduko esperientzia dute gogoan Almitzakoek. Azpeitikoa Euskal Herriak hartuko duen bigarren europar txapelketa izango da, beraz.