Herri kontseilua eta udaletxeko ate irekien jardunaldia atzeratu egin dituzte

Uztarria.eus 2013ko ots. 14a, 18:45

Denon Artean ekimenaren barruko azken bilera irekiak ez du momentuz data berririk. Ate irekien jardunaldia zapatu honetan, otsailaren 16an, zen egitekoa berez, baina egun horretan bere garaian atzeratu zen Oñazko bizilagunen bilera egingo dute, eta horregatik aldatu dute udaletxea barrutik ezagutzeko eguna.

2013ko udal aurrekontua osatzeko prozesu parte-hartzailea, Denon Artean, azken txanpan sartzen ari da. Hala ere, bere garaian plazaratutako egutegiak azken orduko aldaketa aipagarri batzuk izan ditu. Horrela, zapatu honetarako iragarrita zegoen udaletxeko ate irekien jardunaldia eta otsailaren 20an egitekoa zen herri kontseilua atzeratu egin dituztela iragarri du gaur, osteguna, Udalak

Auzoetako bilera irekien balorazioa egiterakoan udal ordezkariek aurreratu zuten bezala, Oñatzen egitekoa zuten batzarra atzeratu egin behar izan zuten. Hain zuzen ere zapatu honetan, otsailaren 16an, elkartuko dira azkenean Udalekoak Oñazko bizilagunekin. Batzarra 10:30ean hasiko da, Oñazko tabernan, eta besteak beste ur-biltegiaren arazoak eta auzo alkatearen beharra izango dituzte hizpide.

Oñatzen batzarra izango dute zapatuan eta, horrenbestez, egun horretarako iragarrita zegoen udaletxeko ate irekien jardunaldia astebete atzeratuko da. Horrela, otsailaren 23an izango dute herritarrek udaletxea eta hango jarduna barrutik ezagutzeko aukera.

Aldiz, aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailearen azken hitzordua izan behar duen herri kontseiluak ez du, momentuz, data berririk.