Euskara irizpideak jarriko ditu Azpeitiko Udalak lehiaketa publikoetan

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko urt. 31a, 11:26
Egitasmoan parte hartu duten erakunde eta udaletako ordezkariak, atzoko agerraldian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Urola Kostako ia udalerri guztiek eta Urola Kostako Udal Elkarteak egin dute bat Udal-ekin egitasmoarekin. Protokoloak erakundeen zerbitzuak arautuko ditu, eta euskarazko bidea irekitzea du helburu.

Urola Kostako ia udalerri guztiek eta Urola Kostako Udal Elkarteak bat egin dute Udal-ekin egitasmoarekin. Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako udalek administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan ezarriko dituzte aurrerantzean. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten egitasmoa Donostian, eta eskualdeko udalek eta udal elkarteak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk eta Gipuzkoako beste 26 udalek hartu dute parte.

Ekimenak udalek egingo dituzten zenbait kontratazio alorretan eragingo du; hala nola, obra, hornidura eta zerbitzu kontratuetan eta herri lanen kontsezioetan ezarriko dituzte hizkuntzari dagozkion irizpideak. Hori hala, eskualdeko kontratazio publikoetan udalek zehaztutako irizpideak jarraitu beharko dituzte enpresek. Izan ere, Aldundiak gogoratu du euskara ofiziala dela azken hiru hamarkadetan, baina erakundeek ez dutela "praktikan jarri" adierazi du.

Erakundeek euren zerbitzuetan erabiliko duten hizkuntza, herritarrei harrera nola egingo zaien, kontratazioetan enpresako langileei eskatuko zaien hizkuntza gaitasuna edota hizkuntza gaitasuna arautu dute, besteak beste.

Proiektua Aldundiaren, UEMAren eta zortzi udalen arteko lankidentzaren eraginez sortu da, horien artean daude Azpeitiko eta Zarauzko Udalak. Modu honetara, guztien artean adostu duten protokoloa "eraginkorragoa" izango dela adierazi du Zigor Etxaburu aldundiko Euskarako foru zuzendariak, «"orain arte hizkuntza irizpideak bere erara erabili izan dituelako udal bakoitzak". Honek adierazi du egungo legediari jarraituz adostu dutela protokoloa, eta hain zuzen, egitasmoak legedia "garatzen" lagunduko duela uste dute. "Hutsune bat betetzera dator prozedura berri hau. Aurrerantzean, toki administrazioek beste tresna bat izango dute erabiltzeko moduan, hizkuntzaren normalizazioan"; zentzu horretan, prozesua "eredugarritzat" jo du Aldundiak.