Astelehenetan zine emanaldi bat gehiago izango da aurrerantzean

Uztarria.eus 2013ko urt. 31a, 11:09

Astelehenetan 19:00etan ere emanaldia eskainiko dute; datorren astean asteartean emango dute, ordea. Asteburu honetan hiru film ikusi ahal izango dira: Lincoln, Blancanieves eta Lorax.

Soreasuko zine emanaldien eskaintza zabaldu du Azpeitiko Udalak. Hori dela-eta, aurrerantzean Ikuslegoaren Egunean, astelehenean, bi emanaldi izango dira; bata 19:00etan eta bestea 21:30ean. Oraingoz, negu partean izango dira bi emanaldi, Udaletik azaldu dutenez. Modu horretan, Soreasun zapatu, igande eta astelehenetan izango da zinea ikusteko aukera.

Datorren astean, ordea, salbuespen bat egingo dute. Lincoln filma luzea denez asteleheneko 19:00etako emanaldia asteartera atzeratuko da. Dena den, asteburu honetan hiru film ikusteko aukera izango da Soreasun: Lincoln, Blancanieves eta Lorax

Etzi, zapatua, 19:30ean, Lincoln filma emango dute eta 22:15ean, berriz, Blancanieves. Igandean, haurrentzako emanaldiaren baitan Lorax filma izango da ikusgai, 16:30etik aurrera. Ondoren, 19:30ean, Blancanieves ikusi ahal izango da. Datorren astean ikuslearen Egunak bi izango dira,  astelehen eta asteartea, Lincoln filmaren iraupenagatik. Beraz, astelehenean, 21:30ean, Blancanieves filma emango dute Soreasun eta asteartean, 19:00etan, Lincoln.