Inazio Uriaren hilketan ez zutela parte hartu esan dute Castrok eta Santa Cruzek

Uztarria.eus 2013ko urt. 30a, 17:52

Azpeitiar enpresariaren kontrako atentatuaren inguruko epaiketaren lehen saioan egin dituzte adierazpenak. Uriaren hilketagatik auzipetuta dauden sei ustezko etakideetako bi dira Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari direnak.

Inazio Uriaren hilketarekin lotutako epaiketetako bat hasi da gaur, asteazkena, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hain zuzen ere, Manex Castro eta Iraitz Santa Cruz ustezko etakideak dira epaitzen hasi direnak. Albiste agentzien arabera, epaiketaren lehen saioan bi akusatuek ukatu egin dute azpeitiar enpresariaren hilketan parte hartu izana.

Hilketa, ETAko kide izatea, auto lapurreta eta legez kanpoko atxiloketa delituak egotzita, 59 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak Castrorentzat. Honek, ordea, Inazio Uria hil zuten orduan Billabonan lanean ari zela deklaratu du, defentsaren galderei erantzunez, eta hilketaren berri irratiz izan zuela. Castroren nagusiak eta lankide batek baieztatu egin dute haren bertsioa, Uriaren hilketaren berri elkarrekin zirela izan zutela esanez. Castrok ukatu egin du, era berean, atentatuaren antolaketan parte hartu izana.

Iraitz Santa Cruzek, bere aldetik, Beñat Aginagalde lagunari autoa utzi zionean hark atentaturako erabiliko zuenik "burutik pasatu ere ez" zitzaiola egin esan du epaiketan; ETArekin kolaboratu izana ere ukatu egin du. 10 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak Santa Cruzentzat, ETAko kide izatea eta Uria hiltzeko autoa uztea egotzita.

Kartzela zigorrekin batera, bi akusatuek Inazio Uriaren familiari kalte-ordaina ematea eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak: 160.000 eurokoa alargunarentzat, eta 240.000 eurokoa seme-alabentzat.

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Inazio Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen eta 71 urte zituen.