Denon Artean: Internetez edota postontzi bidez ekarpenak egiteko bideak jarri ditu Udalak

Uztarria.eus 2013ko urt. 25a, 20:02
Auzoetako batzarrekin ekin dio Udalak 2013ko 'Denon Artean'-i. Irudian, Garmendi, Artzubia, Paulo VI.a eta Garate Anaiko auzokideekin egin zutena.

Auzoz auzo egiten ari diren batzarren eta arlokako bileren ekarpenak osatzeko asmoarekin, www.denonartean.net webgunea ireki dute, eta etxez etxe banatuko duten galdetegia uzteko gutunontziak jarri dituzte udaletxe azpian, igerilekuan, liburutegian, Emakumeen Txokoan, kiroldegian eta Urrestillan. Arlokako bileren egutegia zehaztu dute.

"Herritarrek euren proposamenak egiteko" bide berriak ezarri ditu Udalak, 2013ko udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailearen barruan.

Horrela, alde batetik, auzoz auzo egiten ari diren batzarren eta arlokako bileren ekarpenak osatzeko asmoarekin, www.denonartean.net webgunea ireki dute. Udal Gobernuaren helburua, parte-hartze ordenantza edota bileren egutegia eskuratzeaz gain, proposamen zehatzak emateko aukera eskaintzen zaie erabiltzaileei, Proposamenak atalaren barruan. Gainera, 2012ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren balantzea kontsultatu eta 2013koaren jarraipena egitea ahalbidetzen du webguneak. Udalak "webgune berria erabiltzera animatu nahi" ditu herritarrak.

Bestetik, etxez etxe banatuko duten galdetegia uzteko gutunontziak jarri dituzte udaletxe azpian, igerilekuan, liburutegian, Emakumeen Txokoan, kiroldegian eta Urrestillan. "Batzarretara joan ezin dutenentzat bestelako bideak egokitu nahi" izan ditu udal gobernuak, ahalik eta herritar gehienen ekarpenak eta iritziak jaso ahal izateko.

Arlokako bilerak, zehaztuta

2013ko udal aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea, Denon Artean, abian da. Urtarrilaren 14an hasita, auzoetako batzarrak ari dira egiten. Gaur Oñatzen -19:00etan, tabernan-, eta Loiolan, Etxe Alai-Santutxo-Aranan eta Sanjuandegi-Etxebeltzen egingo dituztenak falta dira egutegia osatzeko.

Ondoren etorriko dira arlokako bilerak. Prozesuaren nondik norakoak aurkeztu zituztenean zehazteko zituzten datak zehaztu dituzte jada, eta honela geratu da egutegia:

  • Parekidetasuna: urtarrilak 30, 19:00etan, Emakumeen Txokoan.
  • Kirola: urtarrilak 30, 20:00etan, udaletxean.
  • Kultura: urtarrilak 31, 19:00etan, Baigera I-en.
  • Etorkinak: otsailak 4, 18:00etan, Baigera I-en.
  • Turismoa: otsailak 4, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean.
  • Merkatariak: otsailak 5, 15:00etan, Baigera I-en.
  • Ekonomia: otsailak 6, 19:00etan, Baigera I-en.
  • Hezkuntza: otsailak 6, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean.
  • Baserria: otsailak 7, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean.
  • Behar sozialak: otsailak 7, 19:00etan, Baigera I-en.
  • Gazteria: otsailak 8, 19:00etan, Baigera I-en.