Eguraldiak ez du eragin banderaren jaitsieran

Uztarria.eus 2013ko urt. 21a, 01:08
Plaza bandera jaisterakoan.

Euriaren ordez, danbor hotsa nagusitu da banderaren jaitsieran eta zazpi taldek hartu dute parte ekitaldian.

Heldu eta umeen danborradako euri jasaren ostean, nola ez, danbor hotsarekin jaitsi dituzte udaletxeko balkoian eskegita zeuden Azpeitiko bandera eta ikurriña, gauerdia iritsi bezain pronto. Zazpi taldek, Herrira, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak, Barratsu eta Alkartasuna taldeek hartu dute parte banderaren jaitsiera ekitaldian. Gastadorren taldea ere ateratzekoa zen, baina azkenean ez dute parte hartu ekimenean. Danborrada ikusten ere jende ugari izan da Alde Zaharrean naiz plazan.

Dena den, bihar, astelehena, jai eguna da Azpeitian, eta festa giroa izango da nagusi herrian. Zezena eta haurrentzako parkea izango dira goizez zein arratsaldez.

Atzo, San Sebastian bezpera, eguraldia zela-eta, 23:00etan hasi zen helduen danborrada eta ohikoa baino ibilbide laburragoa egin zuten dabor taldeek. Gaur, berriz, umeen danborradak ez du aldaketarik izan.

Hemen, bihar, astelehena, Azpeitian izango diren ekimenen egitaraua:

12:00etan, zezen txikiak Erdikaletik Plazara. Behin plazara iritsitakoan, zezen txikiak eta poniak izango dira bertan.

13:00etatik 15:00etara, haurrentzako parkea plazan.

16:00etatik 20:00etara, umeentzako puzgarriak Olazko Andre Mariaren plazan.

16:30ean, sokamuturra.