Corrugadoseko langileek eta zuzendaritzak greba ondoko lehen bilera egin dute

Uztarria.eus 2013ko urt. 8a, 19:23

Enpresa batzordeko ordezkariek eman dute horren berri eta "positiboki" baloratu dute batzarra, "negoziazioei begira". LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek zuzendaritzari "dokumentazio ekonomiko bat" aurkezteko eskatu diote, eta hurrengo bilerarako data hori eskuratutakoan jartzekotan gelditu dira.

Corrugados Azpeitiako langileak joan den urtarrilaren 4an itzuli ziren lanera, duela sei hilabete hasitako greba amaitzea erabakita. Hain zuzen ere, "negoziazioekin hasteko" erabaki zuten langileek greba etetea, enpresaren erabakien kontra irekita zituzten bi auzibideetan -kaleratzeen ingurukoan eta murrizketen kontrakoan- epaileek arrazoia langileen ordezkariei eman ondoren.

Gaur, urtarrilak 8, egin dute greba bukatu ondorengo lehen bilera langileen ordezkariek eta enpresaren jabe Alfonso Gallardo Taldekoek. Enpresa batzordeko ordezkariek eman dute horren berri eta "positiboki" baloratu dute batzarra, negoziazioei begira. LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek zuzendaritzari "dokumentazio ekonomiko bat" aurkezteko eskatu diote, eta hurrengo bilerarako data hori eskuratutakoan jartzekotan gelditu dira.