Zifra ofizialen atzean beste horrenbeste istorio daudelako

Gaur8 2012ko abe. 31a, 11:25

2012ak utzi dituenak aztertzean ekidinezina da datuei erreparatzea. Eta ez dira, inondik inora, inoizko onenak. Baina, datuei baino, arreta pertsonengan jarrita doaz hurrengo orrialdeak, «krisi ekonomiko» izendatu duten honek izen-abizenak ere baititu. ('Gara'-ren 'Gaur8' gehigarria bere erreportaje zabalean, besteak beste, Esteban Campos Corrugados Azpeitia enpresako langilearekin egon da. Hona hemen artikulu hori).

"Gogorra". Halakoxea izan da aurtengo urtea Esteban Campos azpeitiarrarentzat. Elektrikaria da ofizioz eta 22 urte daramatza enpresa berean behargin. Horren preziatua izan ohi den egonkortasuna eskuartean zuela zirudien arren, egun batetik bestera lehertu zen egoera. Corrugados Azpeitia enpresako behargina da Campos eta urte erdi darama, bere lankideekin batera, greban.

Eguneroko bizitza bete-betean aztoratu zaio Camposi. Lan-jantzi urdina, protestaren ikur bilakatu duten elastiko laranjagatik aldatu zuen aspaldi. Goizean goiz esnatzen jarraitzen du oraindik, baina ez du enpresaren sarrera zeharkatzen. Atarian gelditzen da, protestan.

Luze doaz egunak, eta, gauak, berriz, amaigabeak dira. Aurrezkiak agortzen diren heinean, luzeagoak. Amaiera, gainera, ez dute berehala ikusten langileek. "Hasieran 20 kaleratze egin zituzten, gero 100, eta, orain, berriz, beste 60 egin nahi dituzte. Etorkizuna ere, beltza ikusten dugu tamalez", dio burumakur.

Egunak joan eta egunak etorri lanik gabe egotea ez da xamurra. Norberak etxe barruan duen egoera gehitu behar zaio gainera. "Lantegian 40 urte ere badaramatzatenak badaude langileen artean. Horiek benetan beldurtuta daude, eta, egian esan, ez da gutxiagorako, pentsa 50 urterekin kalean gelditzen badira! Bizitza osoa daramate lanean, baina ez dute lanpostu kualifikatu bat bilatuko, ez baitute ikasketa edo titulurik... Eta etxean ditugun panoramak ere, noski, ez dira makalak. Batzuek hipoteka ordaintzeko, beste batzuek seme-alaben zama bizkar gainean...", dio arduratuta.

Etxeko egoera, ardura iturri

Camposek etxean duen panorama ere ez da erraza. Hamar asteko alabatxoa du, eta, etxeko hipoteka, ordaintzeke. Haurdunaldiaren amaiera, erditzea eta alabaren lehenengo asteak greban dagoela igaro  ditu. "Honetaz guztiaz disfrutatzen egon baino, burua beste nonbaiten dudala igarotzen ari dira egunak. Pena hori dut", dio arduratuta.    

Psikologikoki gogorra da oso greban egotea, eta tarte honetan gorabehera handiak izan dituela aitortu digu. "Orain ondo nago, baina oso baxu egon naiz une batzuetan. Abuztu aldean nire aurrezki guztiak agortu eta arreba baten laguntza ekonomikoa onartu behar izan nuen. Lo hartu ezinik egoten naiz maiz, eta, ondorioz, kirola egiten hasi naiz, gorputza nekatu eta lo egin ahal izateko".

Corrugados Azpeitia enpresaren jabe den Alfonso Gallardo Taldeko arduradunek, lan erregulazio espedientea aurkeztu zuten joan den ekainean, 120 langile kaleratu eta hilabete gutxira. Beste 60 langile gehiago kaleratzea zuten xede, gainerako langileei urte amaiera bitartean 66 eguneko lan erregulazio espedientea ezartzearekin batera. Horrez gain, langileek urtean 49 egun gehiago lan egitea nahi zuten nagusiek, soldatak %35 jaitsita gainera.

Langileek baldintzak onartu ez eta planto egin zuten. "Gure lantegia ez da bereziki borrokalaria izan. Murrizketa hauek protesta handiak eragin gabe onartuko zirela uste zuen zuzendaritza taldeak, baina ez da horrela izan", dio beharginak harro.

Corrugados Azpeitian egin nahi duten erreforma, gainera, lan baldintzen murrizketen eredu bilaka daitekeela uste dute langileek. "Orain arte ez da halakorik gertatu eta esperimentu antzeko bat dela uste dugu. Halako enpresa handian aplikatuz gero, bestelakoetan errazago ezarriko dute", dio Camposek, borroka honen atzean interes handiak daude la mahai gainean jarriz.

Greban daramaten denboran Estatu espainolak lan erreforma onartu du, eta, horrek, langileen egoera gehiago okertu duela deritzo azpeitiarrak. "Gure baldintzak erabat xahutu ditu, orain nagusiek nahi dutena egiteko aukera dute", salatu du.

Egoera okertzeak, halaber, langileen borroka berpiztea ekarri duela ere uste du. "Ez dago besterik. Oraingo honetan langileak mugitzen ez bagara, ditugun baldintzak kenduko dizkigute. Borroka, gainera, ez da norberaren tailerrera mugatzen. Gurea itxiko balute, beste nonbaiten hasi beharko ginateke lanean, eta bertan ere ez dugu panorama hobeagoa aurkituko. Orain artean, gu geu ondo egonda, ez ginen ondokoekin kezkatzen, baina, orain, egun batetik bestera alda daiteke egoera", azaldu du kezka ezkutatu gabe.

Batasuna irabazle

Borrokaren gogortasunak badu, ordea, alde ederra. Enpresa handia da Corrugados Azpeitia. 430 langile izatera heldu da momentu onenetan eta horiei, gainera, lanpostu ez zuzenak gehitu behar zaizkie, ehunka.

Tailerra, ordea, bi zatitan dago banatua. Erabat zatituta. Galdategia behealdean eta laminazioa goian. Txandaka aritzen ziren lanean eta norberak bere txandako lankideak zituen ezagun. Hortik aurrera ezezagutza nagusi; "ezezagutza eta gaizki ikusiak", gehitu du Camposek; "zuzendaritza batzuk besteen aurka jartzen ahalegindu da beti", argitu du. Grebak, ordea, batasuna ekarri du langileen artean. "Denak ezagutzen gara orain eta elkarrekin ari gara protestan. Orain dugun batasuna ez da sekula egon eta lanera bueltatuko bagina ere, elkarrekin egingo genuke denok. Barruan ere borroka egiten jarraituko bagenu, batera egingo genuke", dio langileek erakutsitako tinkotasunaz harro. Elkartasuna ere biderkatu egin da Urola bailaran eta hori pozteko arrazoia da Camposentzat. Ondokoak behar latzagoa duelakoan, Corrugados Azpeitia enpresako hainbat langilek sindikatutik jasotako diru laguntzari uko egin eta albokoari eman dio; "halako egoera gogorrean, hori gauza benetan ederra da", nabarmendu du.

Ekainaren 15ean abiatutako greba mugagabea hausnarketa puntu batean dago orain. Jauzi bat ematekotan dira: greba utzi edo gogortu. Sei hilabete hauetan, eskura izan dituzten mobilizazio eredu guztiak erabili dituztela argi du azpeitiarrak, "milaka pankarta egin eta hamaika txokotan eskegi ditugu, elkarretaratzeak nonahi egin ditugu, itxialdia ere egin genuen enpresa barruan...", dio mobilizazioen zerrenda amaigabea gogora ekarriz. "Egin genezakeen guztia egin dugu eta jo beharreko ate guztiak jo ditugu, eta denek entzun gaituzte, ahaleginduko direla esan, baina gero...", dio.

Epaitegietara ere jo dute langileek, eta, hasiera batean azaroaren hasieran iritsi beharrekoa zen epaia, azkenean abenduaren erdialdean iritsi zen. Corrugados Azpeitia enpresako zuzendaritzak aurkeztutako murrizketen aurkakoa eta langileen aldekoa izan da epaia. Pozik eta itxaropentsu hartu dute berria langileek. "Enpresak negoziatzeko inolako prestutasunik ez izana jarri du epaileak epaia emateko arrazoi bezala, eta hori da guk etengabe salatu duguna".

Corrugados Azpeitia enpresako langileek bukatzear den 2012. urteari agur esan aurretik hartuko dute erabaki tinko bat. "Une honetan hiru aukera ditugu mahai gainean: grebarekin jarraitu, akordiorik gabe lanean hasi edo akordioa bilatzen saiatu. Hiru aukera horien artean, bat aukeratu beharko dugu egunotan eta dena delakoarekin aurrera egin", dio argi.

Horrenbestez, une konplexu batean esango diote agur 2012ari. Argi dute, ordea, zer eskatzen dioten hastear den urteari: "Lehenengo osasuna, baina bereziki lana edukitzea. Tristea da lana eskatzea, baina tamalez behar-beharrezkoa".