Igande eguerdian itxiko da San Silbestre lasterketan izena emateko epea

Uztarria.eus 2012ko abe. 28a, 20:13
Ikusle ugari korrikalariak animatuz, iazko San Silbestre proban.

Ordura bitartean Internetez egin ahal da inskripzioa, Kirolprobak.com atarian. Proba astelehenean, abenduaren 31n, izango da eta egunean bertan ezingo da izenik eman. Lasterketa nagusia 12:00etan hasiko da, plazan.

Astelehenean, abenduaren 31n, egingo da Azpeitiko XII. San Silbestre lasterketa, eta oraindik badago izena emateko aukera. Hain zuzen ere, igandean, hilaren 30ean, 12:00etan itxiko dute izen-ematea Kirolprobak.com atarian. Zenbait dendatan ere -Azpeitian, Aitzaki Kirolaken- zabalik izan dute izena emateko aukera. Baina parte hartzeko asmoa izan eta oraindik apuntatu ez direnek kontuan izan behar dute, hori bai, Urte Zahar egunean bertan ezingo izango dela izenik eman. Lanak aurrez egin behar, beraz.

Astelehenean, lasterketa nagusia 12:00etan hasiko da, plazan. Kadeteek eta jubenilek 3.700 metro egin beharko dituzte, zirkuitu handiari itzuli bat. Gainontzeko guztiek 7.300 metro, zirkuituari bi itzuli emanda. Atletismo festa goizeko 10:30ean hasiko da, eskolarte mailako lasterketekin.