Argi automatikoa jarri dute Frontoi Txikian

Uztarria.eus 2012ko abe. 28a, 19:43
Frontoi Txikian jarri duten argi-etengailua eta hura erabiltzeko oharrak. (AZPEITIKO UDALA)

Argia pizteko etengailu edo interruptorea aldagelako atean jarri dute eta 17:00etatik 22:00etara erabili ahal izango da. Alde Zaharreko bizilagunen eskaeretako bati erantzunez jarri du Udalak.

Frontoi Txikian argi automatikoa jarri du Udalak, "2012ko Azpeitia Denon Artean prozesuan Alde Zaharreko bizilagunek eskatutakoari erantzuna emanez, eta Alde Zaharra Biziberritzeko planean beste pauso bat emanik".

Argia pizteko etengailu edo interruptorea aldagelako atean jarri dute eta 17:00etatik 22:00etara erabili ahal izango da. Etengailua erabilita, ordubetez mantenduko da argia piztuta. Ordubeteko mugara iritsi baino bost minutu lehenago txirrinak joko du eta, une horretan frontoian dabilenak argiaren iraupena luzatu nahi badu, berriro etengailuari eman eta ordu erdiz luzatu ahal izango du argiaren iraupena.

Udalak azaldu duenez, Frontoi Txikiko argiaren erabilpen ireki horrekin "egun euritsuetarako beste eremu estali bat eskaintzen zaie herritarrei eta, batik bat, Alde Zaharreko bizilagunei". Hala ere, erabiltzaileek kontuan izan beharko dute Ilunpe pilota elkarteko kideek izango dutela lehentasuna frontoia erabiltzerakoan, "baina asteburu arratsaldeetan libre antzean egoten" dela nabarmendu dute Udaletik.