Uztarria etorkizuneko erronkei begira

Uztarria.eus 2012ko abe. 28a, 18:51
Uztarria Komunikazio Taldeko eta Eregiko ordezkariak, Baigeran eginiko 2012ko bazkideen batzarrean.

Atzo, osteguna, egin zuen bazkideen urteroko batzarra. Krisi egoera kontuan hartuta, 2012an "ondo" eutsi dio arlo ekonomikoan. Hala ere, formula berriak aztertzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu da batzarrean.

Uztarria Komunikazio Taldeak 2012aren balantzea  eta 2013ari begirako aurreikuspen eta planak azaldu eta onartu ditu bazkideen urteroko batzarrean. Ekonomia krisi orokorraren eta komunikabideen berezko krisiaren testuingurua kontuan hartuta, Uztarriak 2012an arlo ekonomikoari "ondo" eutsi diola esan daiteke; erronkarik jo gabe, noski, baina galerarik gabe, behintzat.

Aipatutako bi krisiek 2013an ere hor jarraituko dutela kontuan hartuta egin ditu Uztarriak hastear den urterako aurreikuspenak eta formula berriak aztertzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu da batzarrean. Formula horien artean dago euskarazko toki hedabideek elkarlana sustatzeko abian dituzten prozesuak. Batzuk, Tokikom enpresaren sorrera bezala, 2012an gauzatu dira. Beste batzuk, bailara mailakoak, azterketa fasean daude oraindik.

Eregi Euskara eta Komunikazioa enpresak ere 2012ko balantzea eta 2013rako aurreikuspenen berri eman zuen batzarrean, Uztarriak sortutako enpresa bezala.

Webgune berritua, goruntz

Uztarria.com berritua izan zen 2012rako apustu nagusia, eta emaitzekin "gustura" dago Uztarria. 2011ko joera indartu eta bisita kopuruak gora egin du 2012an: urtea amaitu baino lehen, dagoeneko iaz baino 100.000tik gora bisita gehiago izan ditu Uztarria.com-ek. Bataz beste, egunean 2.000 bisita baino gehiago ditu eta hori "asko da", herri-komunikabide batentzat. "Nabarmena da, ataria Azpeitian erreferentziala den komunikabidea dela".

Gainera, webgunea berritzearekin batera herritarren parte-hartzea indartzeko bidean emandako pausoa ere ari da fruituak ematen: Komunitatea atalean hamar hilabetean -joan den otsailetik- 176 kide erregistratu dira. Gehienak norbanakoak diren arren (109), momentuz Komunitateko kide diren taldeen ekarpenak dira nabarmenago. "Taldeen parte-hartzea handia da, baina norbanakoena hobetu beharra dago". Abenduko ekarpenak saritzeko ekimena da zentzu horretan Uztarriak egin duen ahaleginetako bat.

Aldizkaria, liburuxka biografikoak...

2013an webgunea indartzearen dinamika ahaztu gabe, herri-aldizkarian ere atal berriak sortzeko bidean da Uztarria. Horrez gain, liburuxka biografikoen proiektuarekin ere jarraituko du lanean.

Aldizkaria -urtean hamaika zenbaki- eta argitaratuko diren liburuxkak etxean jasoko dituzte Uztarriaren bazkide direnek. Izan ere, esku artean dituen proiektuak aurrera eramateko bazkideen ekarpena ezinbestekoa izango du, beti bezala, Uztarria Komunikazio Taldeak. 1.045 bazkiderekin amaituko du urtea Uztarriak, iaz baino kopuru zertxo bat txikiagoarekin, alegia. "Kontuan izanik krisi garai gogorrak ari garela bizitzen eta familia askotan gastuak murrizten ari direla, positiboki baloratzen dugu bazkide kopurua", nabarmendu zen atzoko batzarrean.

Bazkideen eta erakunde publiko zein pribatuen ekarpenez gain, Uztarria Komunikazio Taldeak diru-iturri propioak izateko lana egingo du 2013an ere. Arlo horretan, saninazioetan tonbola jartzea eta Frantziako Tourrarekin egiten duen Pourra izango dira, momentuz, ekimen aipagarrienak.