Baigera Jubilatuen Elkarteak gizarte alorreko lan taldea indartu nahi du

Uztarria.eus 2012ko abe. 27a, 11:44
Baigerako gizarte arloko lan taldeko kideak.

Adineko pertsonen eskubide sozialen alde hainbat helburu finkatu dituzte, eta horiek lortzen saiatuko direla adierazi dute. Hilean behin-edo biltzen dira, eta taldean lanean hasteko interesa duenak Baigera I-era joan beharko du, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 12:30era bitartean.

Baigera Jubilatuen Elkarteak gizarte alorreko lan taldea indartu nahi du, "gai horiei eta taldeari bultzada emateko". Izan ere, duela lau urte ikusi zuten Baigerako kideek "gizarte arloan ez zela lanik egiten elkartean, eta aitzitik aisialdirako talde bat bazela". Hala, biltzen hasi ziren, eta hilean behin-edo elkartzen dira, data finkorik gabe. Dena den, Baigerak dei egin die taldean lan egin nahi dutenei eta interesa dutenek, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 12:30era Baigera I-eko bulegora joan beharko dute.

Gizarte arazoen taldean lanean ari direnek azaldu dutenez, "badirudi jubilatuz gero ez dugula ezertarako eskubiderik. Alegia, gureak egin duela. Horrela, adinekook giza talderik ahulena osatzen dugu, mundu produktibotik at, unean uneko gobernuek ezartzen dizkiguten politika neurrien menpe". Baigerakoen ustez, "ez dugu ez baliabide eta ez esparru propiorik geure iritzia adierazteko eta kontsulta nahiz negoziazioak aurrera eramateko". "Azken belaunaldiek hainbeste kostata lortutako eskubideak, bai politikoak eta bai sozialak, gainbeheran doazela" salatu dute: "Hezkuntza politika atzerakoia ezartzen, osasungintza unibertsala baztertzen, menpekotasun estaldurak kentzen zein pentsioak eta gizarte laguntzak murritzen ari dira".

Baigerako gizarte arloko taldea helburu hauen lortzen saiatuko da:

  • Adineko pertsonen beharrak, osasuna, bizi itxaropena, bizi kalitatea, zerbitzuak, pentsioak, egoitzak... aztertzen eta bideratzen.
  • Adinekoei sortzen zaizkien hainbat zalantza argitzen. Behar izanez gero, zerbitzu juridikoa eskainiz.
  • Ongizate orokorra eta gizarte laguntza bultzatzen.
  • Erabiltzen diren politika publikoen jarraipena egiten, horien ondorioak adinekoei, bereziki, eta gizarteari, orokorrean, adieraziz.
  • Beharrezko diren errekurtsoen analisia burutzen.
  • Jubilatuen egoeraren berri ematen, herriaren kontzientziazioa lortzeko, hitzaldiak, eztabaidak... antolatuz.
  • Adinekoen interesen defentsarako gizarte osoaren laguntza lortzen ahalegintzen: Udala, elkarteak, herri osoa...
  • Lanabes politiko, ekonomiko eta sozialak eskuratzen, sortzen eta bultzatzen.