Udalak batzorde kopurua erdira jaistea erabaki du, hamabitik seira

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 5a, 19:40

"Eraginkorrago izateko, lana hobeto egiteko eta dirua aurrezteko" asmoarekin aldatu dute batzordeen egitura. Atzoko (asteartea) udalbatzarrean aho batez hartu zuten erabakia Bildu, EAJ eta Hamaikabateko zinegotziek.

Hemendik aurrera hamabi udal batzorde izan beharrean sei izango ditu Azpeitiko Udalak. Atzoko (asteartea) udalbatzarrean aho batez hartu zuten erabakia Bildu, EAJ eta Hamaikabateko zinegotziek. Hainbat batzordek bat egin eta kopurua jaisteko erabakiaren arrazoia, "eraginkorragoak izatea, lana hobeto egitea eta gutxiago kostatzea" izan da, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen (Bildu) esanetan.

Hiru sail nagusitan banatuko dira udaleko sei batzordeak: sailak lurraldea, ekonomia eta gizartea dira. Lurraldearen baitan, Estrategia, Hirigintza, Ingurumena, udal langileria eta antolakuntza batzordea ariko da; Ekonomia sailaren baitan, berriz, Ogasuna, industria, merkataritza eta turismoa batzordea; eta, Gizartea saila lau arlotan banatuta ariko da: bata da Kultura, festak, gazteria, euskara eta hezkuntza batzordea; bestea, Auzoak, baserriak eta zerbitzu orokorrak; hirugarrena, Gizarte zerbitzuak, hirugarren adina eta parekidetasuna; eta, laugarrena Kirola.

Udal batzordeen egitura berria osatzeko orduan, beste udal batzuetako funtzionamenduen berri jakin dutela azaldu zuen plenoan alkateak. Batzordeetan alderdiek izango duten ordezkaritza, berriz, honakoa da: Bilduk batzorde bakoitzean lau ordezkari izango ditu, EAJk bi eta Hamaikabatek bat. "Uste dugu, orain hartutako erabaki honekin, alde batetik, alderdien ordezkaritza orekatuagoa izango dela; eta, bestetik, eraginkorragoa izateaz gain, aurreztu egingo dugula", gaineratu zuen alkateak.

EAJkoek ere onartu egin dute udal batzordeen egitura berria, baina zalantza batzuk ere azaldu zituen Aitor Gorrotxategi zinegotziak udalbatzarrean: "Azkenean lortu dugu bigarren ordezkari bat izatea batzordeetan. Baina hala ere, zalantza batzuk ditugu, hainbat batzordek bat egite hori operatiboa izango ote den, baina probatzearen alde gaude".

Honakoek osatuko dituzte batzorde berriak:

Lurraldea:

  • Estrategia, hirigintza, ingurumena, udal langileria eta antolakuntza batzordea. Batzordeburua Eneko Etxeberria (Bildu) izango da. Batzordekideak: Bildutik, Manuel Unanue, Aritz Epelde eta Ainhoa Beristain; EAJtik, Jesus Larrañaga eta Aitor Gorrotxategi; Hamaikabatetik, Aitor Aranguren.

Ekonomia:

  • Ogasuna, industria, merkataritza eta turismoa batzordea. Batzordeburua Manuel Unanue (Bildu) izango da. Batzordekideak: Bildutik, Iñaki Portilla, Aritz Epelde eta Eneko Etxeberria; EAJtik, Aitor Gorrotxategi eta Itziar Lasa; Hamaikabatetik, Aitor Aranguren.

Gizartea:

  • Kultura, festak, gazteria, euskara eta hezkuntza batzordea. Batzordeburua Mikel Ibarzabal (Bildu) izango da. Batzordekideak: Bildutik, Imanol Amenabar, Marijose Iturria eta Kontxita Martija; EAJtik, Aitor Gorrotxategi eta Onintza Etxeberria; eta, Hamaikabatetik Aitor Aranguren.
  • Auzoak, baserriak eta zerbitzu orokorrak. Batzordeburua Aritz Epelde (Bildu) izango da. Batzordekideak: Bildutik, Ainhoa Beristain, Mikel Ibarzabal eta Kontxita Martija; EAJtik, Itziar Lasa eta Nerea Aldai; eta, Hamaikabatetik, Aitor Aranguren.
  • Gizarte zerbitzuak, hirugarren adina eta parekidetasuna. Batzordeburua Leire Etxaniz (Bildu) izango da. Batzordekideak: Bildutik, Marijose Iturria, Kontxita Martija eta Imanol Amenabar; EAJtik, Onintza Etxeberria eta Nerea Aldai; eta, Hamaikabatetik Aitor Aranguren.
  • Kirolak batzordea. Batzordeburua Manuel Unanue (Bildu) izango da. Batzordekideak: Bildutik, Leire Etxaniz, Mikel Ibarzabal eta Iñaki Portilla; EAJtik, Nerea Aldai eta Jesus Larrañaga; eta, Hamaikabatetik Aitor Aranguren

Herri-bideen inbentarioa

Atzoko plenoaren bigarren gaia, Azpeitiko herri-bideen inbentarioa behin-behinekoz onartzea izan zen. Herri-bideak zeintzuk diren eta non dauden aztertu ditu Udalak. Inbentario horri hasierako onarpena eman zioten aho batez, eta egindako inbentarioaren gainean alegazioak egiteko epea ireki zuten. Gabonak tarteko, legeak aginduta baino epe luzeagoa irekitzea erabaki zuten udal ordezkariek; beraz, alegazioak urtarrilaren 15a bitartean egiteko aukera egongo da.

Herri-bideen inbentarioa jendaurrean aurkeztuko dutela ere azaldu zuen alkateak. "Herri-bide batzuk gatazkatsuak dira, batzuk diotenez bide batzuk ez dira herriarenak eta pribatuak dira. Azterketa edo inbentario hau herri-bideak zeintzuk diren argitzeko egin dugu. Izan ere, herri-bideak direnetan Udalak ardura batzuk ditu", gaineratu zuen.

Herri-bideen inbentarioari hasierako onarpena eman eta orain alegazioak jasoko ditu Udalak. Gero, hirigintzako batzordean aztertu eta inbentarioa behin betiko onartu beharko du Udalak.

Zergan hobari eskaera

2013rako udal zerga arauen inguruko eskaera batzuk ere aztertu zituzten abenduko ohiko udalbatzarrean. Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzetako bi bizilagunek Higiezinen Gaineko Zergan hobaria izatea eskatu dute udaletxean.

Babes ofizialeko etxebizitza izateagatik automatikoki hobaria ematea ez du onartu Udalak. "Bateren bat beharrean badago udaletxeko gizarte zerbitzuetara jo dezake hobari eske. Baina, babes ofizialeko etxebizitzan bizitzeagatik bakarrik hobaria ez du emango Udalak», azaldu zuten. Bilduko ordezkariek eta Hamaikabateko zinegotziak onartu egin dute babes ofizialeko etxebizitzei Higiezinen Gaineko Zergan automatikoki hobaririk ez jartzea; baina, EAJkoak abstenitu egin ziren, "presazko kontua delako, eta hobeto aztertu beharko litzatekeelako", esan zuen Gorrotxategik.

Udal tasa eta zergak urtarrilaren 1erako indarrean egoteko epeak errespetatu behar direla esan zuen alkateak, "beraz, zerga arauen inguruko eskaeren gainean erabakia hartu behar dugu, epez kanpo ez ibiltzeko".

Madalenako ospitale zaharraz

Jesulagunek Madalenako ospitale zaharra eraberritzeko obra baimenaren gaineko zergan hobaria eskatu diote Udalari. "San Inazioren bizitzaren historiaren gaineko museo bat-edo jarri nahi dute eta ekimen honek duen interes sozial edo publikoagatik hobaria eskatu dute jesulagunek; obren gaineko zergan %85eko hobaria eskatu dute", azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak. Aho batez, jesulagunek eskatutako hobaria ematea erabaki zuten udalbatzarrean, "eraikin hori eraberritzea interes publikokoa delako".