Imanol Lazkano: "Baserri giroan geratu balitz, museoan legoke bertsolaritza"

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 29a, 19:37

Plaza behar du bertsolariak, eta bertan dabil duela 60 urtetik azpeitiarra. Uztera doa, ordea. Abenduaren amaiera aldera utziko die plazei. Bertsolaritzaren inguruko esperientziez galdetu dio Urola Kostako Hitza-k.

Bere etxera hurbildu garenean, Gaztelu izena irakurri diogu Imanol Lazkanoren etxeari (Azpeitia, 1936). XX. mendearen hasierako bertsolari ospetsua zen Gaztelu, Txirritarekin batera, eta Lazkano gaztetan bertsotan hasi zenean, auzoko bertsozale batek Gaztelu ezizena jarri zion, eta geroztik, hemengoentzat Gaztelu da Lazkano. Bertan hartu gaitu.

Nolakoa zen bertsolaritza zure gaztaroan?

Lehen ere inoiz esan dudan bezala, ukuilu-atxurra baino baserritarragoa. Hau da, baserri giroan ez daukat inongo zalantzarik hirian baino hizkuntza garbiagoa eta gutxiago kutsatua erabiltzen zena. Giro hartan hizkera elkarrekin ulertzeko izateaz aparte, esango nuke jolaserako ere erabiltzen zela baserrietan. Eta hortik, bertsolaritza ere hitzarekin jolas egitea denez, baserriz baserrikoa zen bertsolaritza. Polita, zorrotza eta gustagarria benetan. Horrela, urte sail batean, bertsolaritzak iraun zuen baserri giroan. Auzolan, erromeri, feria eta abarretan hitzarekin bezala bertsoarekin ere jolas eginez, bertsozalearen belarriak gozatuz. Baina orduko elizgizonetatik hasi eta jende ikasientzat tabernako mozkorren eta gaizki esaleen kontua zen bertsolaritza. Gero, 1935ean, lehenbiziko txapelketa ospetsu hartan, Basarrik bere gaztean, aldaketa garrantzitsua ekarri zion arte.

Orduan, zuretzat zein da bertsolaritza hobea: ordukoa ala gaurkoa?

Zein den hobea esaten ez nintzateke ausartuko. Oso ezberdinak, bai. Lehengo bertsolaritzak bazuen gaurkoak ez duen halako bizitasun eta zorroztasun polita, bertsozaleari oso atsegin zitzaiona. Kantaera bera ere, nik esango nuke, gaurkoena baino dotoreago zutela. Gaurko bozgorailurik ez zutelako behartuta zeuden kantaera indartsua eta dotorea lantzera. Horien adibiderik garbiena Basarri beraren kantaera indartsua, Uztapideren eta Lasarteren kantaera gozoa, Azpillaga eta Egileorren dotorezia, Joxe Lizasoren irrintzia eta abar dira.

Beraz, bertsolaritzaren aldaketak kalte egin al dio bertsolaritzari?

Zalantzarik ez dago aurrerapausoa ematen denean, askotan esan dugun bezala, hankapean zerbait hausten dela. Baina hausten dena baino zerbait garrantzizkoagoa lortuko delakoan egin ohi dugu aurrera, eta egin beharra dago, geldirik dagoena hil egiten baita. Esate baterako, adibide bat jartzeko: Joxe Agirre Basarriren aldaketak eta geroztikakoek ere gutxien kutsatu duten bertsolaria izan dela esango nuke. Baina begira nolako harribitxia! Denok dakigun bezala, Joxe Agirrek eskola oso gutxi du, eta eguneroko bizibidea ere baserri nahiko bakarti batean egin duenez, hiri girotik nahiko urrun ibili dela esan liteke. Baina bere bertsokera bizi eta zorrotza bere erara izugarri landu duen bertsolaria izan da. Beste lau edo bost bertsolari unibertsitariorekin behin baino gehiagotan kantatu badu ere, ez du inon desentonatu; alderantziz, jaialdia jantzi du, bere bertso bitxiekin.

Ez al da izango hori Azpeitiko eta Landeta inguruko unibertsitateko emaitza?

Unibertsitate kontu hori ez zait gehiegi gustatzen. Gu, azpeitiarrok, eskola edo unibertsitate berean hezi izan bagina, uste dut izan garena baino bertsolari berdinagoak izango ginela. Bakoitza ezberdina denez pertsona bezala, bertsotan ere ezberdintasuna nabaria dela uste dut. Norbera ibili den mundutik eta gustatzen zaionetik janzten da pertsona bakoitza, eta gero, bertsotan hasten denean, bakoitzak beretik ematen duenez, bertsokera ere ezberdin ateratzen da.

Hain polita eta bizia baldin bazen, zertarako aldatu bertsolaritza?

Zoritxarrez, Euskal Herriko baserrien gainbehera ikusirik eta baserrietako giroa nola aldatzen doan ikusirik, baserriaren etorkizuna nahiko beltza dela nabaria da. Eta bertsolaritza bera ere, baserri giro horretan soilik jarraitu izan balu, baserriarekin batera amildegira bidean egon zitekeen; hau da, baserri giro hartan soilik geratu izan balitz bertsolaritza, museoko pieza bihur zitekeen.

Nostalgiarik ba al diozu lehengo bertsolaritzari?

Bai, zentzu batean. Lehengo freskura, gauzak esateko era polita, zorroztasun hura. Euskal Herriak orokorrean galdu duen umorea bertsolaritzan ere pittin bat galdu egin dela uste dut. Egin dugun mundu presakor eta inora iritsi ezin honetan, zoritxarrez barre egitea ere ahaztu zaigu, eta hori guztia herriaren barruan bizi baldin badugu, baita bertsolaritzan ere. Lehengo bertsolaritza goraipatu eta gaurkoa ezerezera bota nahian mintzatzen diren horiek, zentzu horretan, badaukate arrazoi puntu bat. Baina hori bakarrik ez da bertsolaritza.

Beraz, aldaketak mesede egin al dio bertsolaritzari?

Bai, zalantzarik gabe. Lehen esan dugun Basarriren aldaketa hura, eta handik 30 bat urtera, 60ko hamarkadan, Euskal Herrian izan zen halako iraultza giro hark bertsolaritzari ere eman zion aldaketari esker, hasi ziren Bertso Eskolak sortzen. Eta horrek izugarrizko ondorio onak ekarri ditu bertsolaritzara. Gaur punta-puntan dabiltzan bertsolari denak Bertso Eskola horien emaitza dira, eta arrazoi askorengatik, bidean galdu diren beste hainbat eta hainbat bertsolari on izan zitezkeenak ere, Bertso Eskolak eman ditu.

Bertsolaritzak gorakada handia egin duela diozu?

Bai, lehen esan ditugun gauza polit batzuk galdu baditu ere, gaur bezain ondo bertsotan sekula ez dela egin ziur-ziur nago. Hizkera bera ere ezberdina da, entzuleak, gehienbat jende ikasia eta unibertsitatetik pasatutakoa denez, hizkera ere haiei dagokiona egin behar du. Uste dut, horretan guztian oso ondo asmatu duela egungo bertsolaritzak.

Bertso Eskolari garrantzia handia ematen diozu.

Izugarria. Ez bertsolaria sortzean bakarrik, Bertso Eskolan dabilen gazte bat bertsolaria izatera helduko da edo ez, baina gutxien-gutxienez, hizkuntza lantzen egingo du ahalegina, eta ez hizkuntza bakarrik, arrazoiari arrazoiarekin erantzun behar horretan, bere burua eta pentsamendua janzten asko lagunduko dio. Nolabait esateko, pertsona osoagoa izateko bide ere gerta dakioke.

Bertso mundutik begiratuta zuk hori esanik ere, kanpotik jendeak ikusten al du hori horrela dela?

Esango nuke bertsolaritzak, bertso eskolak eta Bertsozale Elkarteak kanpotik begiratuta ere, gero eta miresmen handiagoa sortzen duela. Iñaki Muruak esan zidan lehengo batean Unescoko kide batek esan ziola gaurko mundu globalizatu honetan, eta kontsumismoaren eraginez dena eginda emate horrek jendearengan sortu dituela gabeziak nola hizkuntzetan, hala sormenetan, baina bertsolaritzaren inguruko mundu hori eredua zela mundu guztiarentzat.

Xabi Paiak esan berri du hau: "Euskara sustatzeko euskaltegiak baino eraginkorragoa da Bertso Eskola".

Garrantzia handiagoa eman behar zaie. 10-12-14 urteko umeak entzuteak pena ematen dit. Hitz egiteko aukerarik ere ez daukate eta! Ikastolan, irakasleek hitz egingo die, eta gero, eskolako orduez kanpo, denek badute ingelesa ez bada, beste zerbait, eta kalean ez daukate elkarrekin hitz egiteko eta jolasteko tarterik ere; eta etxera joaten direnean, bakoitza bere telebista eta ordenagailuarekin hasten da. Horien eraginez, norbaitekin hizketan hasitakoan, ia-ia mutuak direla esan daiteke. Guk ezagutu dugun Euskal Herria ikusita, horrek guztiak kezka izugarria ematen du. Beraz, bultza ditzagun Bertso Eskolak eta antzerako euskara lantzeko guneak. Bertso Eskoletan lagunarteko giroa egoten da, eta hizkuntza erabiltzen da. Euskal Herri euskalduna lortuko badugu, oso aberasgarriak iruditzen zaizkit, oso leku egokiak. Bide batez, bertsozalea izateko gaitasuna emango dio, bertsolaritzari ekarpena egingo diona izango da.

Bultzada zeinek eman behar die?

Bertsozale Elkartea ari da, eta gero herri bakoitzean lanean isilik ari den jendea. Zorionez, borondatezko jende asko dabil lanean isilean herrietan. Euskal Herri bedeinkatu hau inoiz askatzen bada, ez da izango publikoan dabiltzanei eta politikariei esker; herrietan lanean dabiltzan horiei esker salbatuko da.

Txapelketek eragin handia izan dute bertsolaritza zabaltzen. Zer gogoeta eragiten dizute?

Ez naiz txapelketen zalea izan sekula, eroso ez naiz sentitu txapelketa batean inoiz, eta gainera, ez derizkiot bertsoa neur daitekeenik; ez dago metrorik, ez baskularik. Baina eztabaida hori utziko dugu beste baterako, eta onartu beharra dago txapelketak egiten jarraitu egin beharko dela bertsolari gazte batek bere burua erakusteko ez baitauka beste baliabiderik. Eta aldian aldiko txapelketek izaten duten arrakasta ere izugarria denez, txapelketak egin egin beharko dira.

Bertsolaritzaren geroa nolakoa izango da?

Bertso Eskoletan dabilen jendea irakaskuntzari garrantzia ematen ari zaio. Euskarak irauten badu, bertsolaritzak iraungo du. Itxaropentsu izan beharko dugu horretan, bertsolaritzak ere iraungo baitu guztion zorionerako.