"Rallyetan esperientziak gehiago balio du tokia ezagutzeak baino"

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 29a, 19:06
Urola bailarako Udaberriko Argazki Rallyan argazki onenaren saria irabazi du aurten irudi honek. (IÑAKI ETXENAGUSIA)

40 urtetik gora dira Iñaki Etxenagusia lehen argazkiak ateratzen hasi zela. Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea da, eta herriko zein kanpoko argazki rallyetan parte hartzea gustuko du. Rallyetan ibilita, besteen lanak ikusiz, asko ikasten dela uste du.

Orain 42-43 urte hasi zen lehen argazkiak ateratzen Iñaki Etxenagusia (Azpeitia, 1954). Aurreneko argazki kamera lortu orduko hasi zen argazkiak ateratzen. Oraindik gordeta du bere lehen Kodak kamera hura. Etxetik kamerarekin irteten du beti. Xoxote eta Oinatz alderako joera du, eta estudioko argazkietarako gaur egungo modeloak bilobak ditu. "Ez dira geldirik egoten, baina", dio. Argazki rallyetan parte hartzea gustuko du, eta hamaika sari ditu lortuta. Esaterako, joan den larunbatean Azpeitiko Mendiko eta Udazkeneko argazki rallyko bigarren saria jaso zuen, eta etzi, Gure inguruari begirada bat lehiaketan beste sari batjasoko du. Argazkilaritzak tokiak eta jendea ezagutzeko aukera eman diola dio.

Nola hasi zinen argazkilaritzan?

Lehen kamara lortu nuenean hasi nintzen argazkiak ateratzen, orain dela 42-43 urte inguru. Bost edo hamar txokolate paper bildu eta kamara oparitzen zuen etxe batek; Chocolates Loyola zela uste dut. Badu historia kamera honek. Gero, ezkondu nintzenean Andorrara joan eta handik reflex bat ekarri nuen.

Argazki bat aukeratzeko eskatu, eta lore batena ekarri duzu. Zergatik?

Aurtengo Urola bailarako Udaberriko argazki rallyan argazki onenaren saria jasotakoa da irudi hau. Soreasu atzean atera nuen, lorea ikusi orduko gustatu zitzaidan. Irudiko atzealdea beltza izan zedin neure berokia jarri nuen.

Azpeitian aurten antolatutako rallyetan, udaberrikoan argazki onenaren saria eta udazkenekoan bigarren bilduma onenarena jaso dituzu. Argazki rallyek zer dute?

Lehiaketa txikiak dira, eta aldi berean egun-pasa ederra egiteko aukera eskaintzen dute. Sei bat gai jartzen dizkigute, eta haien inguruan atera behar dira argazkiak, eta gero epaimahai batek hartzen du erabakia.

Azpeitian antolatzen diren argazki rallyetan gero eta urrunagotik etortzen dira parte-hartzaileak.

Bai, hala da. Bizkaitik, Tafallatik etortzen dira. Urrutitik. Gainera, punta-puntako jendea etortzen da, jende ona. Maila ona dago.

Argazki rallyetan askotan lortu izan dituzu sariak.

Beno, batzutan bai, hala egokitzen denean. Baina beste batzutan, atzean ere ibili naiz. Eguna nola tokatzen den aldea egoten da. Eguraldi txarra egiten duenean, ekipo txikiagoa eramaten dugu, eta gauza desberdinak egiteko denetik izatea ondo etortzen da. Eguraldi oso txarra egiten duenean ekipo txikia ematen da; alde horretatik hor jokua dago.

Zu herritik kanpoko argazki rallyetan ere ibiltzen zara. Ingurua ezagutzea lagungarria al da argazki rallyetan?

Askotan ez. Bakoitzak gure ikuspuntua dugu, izan ere. Baina rally askotara joatea baliagarria da. Urteekin gaiak errepikatu egiten dira, eta aurretik hainbat kontu pentsatzeko aukera ematen du. Esperientzia baliagarriagoa da tokia ezagutzea baino.

Azpeititik kanpoko rallyetara askotan joaten al zarete?

Bai, dezente ibiltzen gara Azpeititik kanpo ere. Gipuzkoa osoan ibiltzen gara, eta Nafarroara ere joaten gara. Juan Joxe [ Agirre ] han dagoenez, harekin batera eta bestera ibiltzen gara.

Argazkiak ateratzeko gai gustukoenak zein dituzu?

Rallyetan jendea gai bezala jartzea ez dut oso gustukoa. Askotan jartzen dute gai bezala, jendearen baimena behar izaten da ateratzeko, eta askotan ezezkoa jasotzen dugu. Jendeari argazkia ateratzea batzuetan biolento samarra egiten da. Inor molestatu gabe jarduteko gaiak ditut gustukoen, naturarekin eta arkitekturarekin lotutakoak.

Bat aukeratzekotan, zuri-beltza ala kolorea duzu nahiago?

Argazkiaren motiboa ikusi behar. Azpeitiko inauterietako sokamuturrekoa zuri-beltzean izaten da, eta orain lehiaketa baterako ere zuri-beltzean bidali ditut argazki batzuk. Batzutan zuri-beltza ondo gelditzen da, eta beste batzutan ez.

Jardunez ikasi al duzu argazkiak ateratzen?

Argazkilaritza batik bat Azpeitiko Argazki Elkartean ikasi dut. Hasieran ez nekien ezer, baina argazki elkartean sartu eta han elkarri erakutsiz ikasi ditugu gauzak. Orain, argazki elkartean dabiltzan gazteengandik ere ari gara ikasten. Elkartean elkarri gauzak irakasten jardun izan dugu beti. Rallyetako epaimahaikideen puntuazioak aztertuz eta rallyetako proiekzioak ikusiz ikasi dut gehiena. Beste parte-hartzaileen argazkiak eta aukeratutako ikuspuntuak ikusita asko ikasten da.

Analogikotik digitalerako pauso hori bete-betean ezagutuko zenuen. Erraz eman al zenuen?

Zalantzan egon nintzen pauso hori ematerako orduan. Ez ninduen konbentzitzen, eta berandu eman nuen pausoa. Merkea bezala saldu digute digitala, baina ez dut uste merkeagoa denik. Argazki asko atera ditzakegu, eta hori du alde ona; askotan gehiegi.

Analogikoa oinarria duzuenok argazkia ateratzerako orduan gehiago pentsatzera ohituta zaudete, ezta?

Bai, hori hala da. Nire ustez analogitik digitalera kalitatea jaitsi egin da. Lehen analogikoarekin argazkia ateratzera joaten ginenean, zenbaitetan rollo garestiekin, argazki bat egiterako asko pentsatzen eta neurtzen genuen. Kontu handiarekin ateratzen genituen argazkiak, dirutza zelako. Baina egun kamera digitalarekin atera eta atera jardun ohi dugu. Horregatik, nire ustez digitalak kalitatea jaitsi egin du; hori argazkilari gehiagok ere esaten dute. Orain, askotan, argazkia gero ordenagailuan ukituak emateko asmoarekin ateratzen dugu.

Etxean zenbat argazki dauzkazu?

Digitalean 25.000 argazki inguru atera ditut dagoeneko. Diapositibatan eta negatibotan zenbat dauzkadan ez ditut zenbatu, baina zortzi edo hamar mila inguru izango ditut gordeta.

Hainbeste argazki gordeta izateak artxibo lan handia eskatuko du, ezta horrela?

Diapositibak nahiko ondo artxibatuta dauzkat. Orain gutxi, gazte batek argazki digitalak artxibatzeko programa bat ekarri zigun elkartera. Eta erretiroa hartu dudanetik artxibo lan handia egin dut. Denak ondo gordeta ditut orain. Eguraldi txarra egiten duenean artxibo lana egiten jarduten dut.

Orain erretiroa hartuta, eguraldiari begiratzen al diozu argazkiak ateratzera irteteko?

Bai, laino politak badaude, kamara hartu eta mendi aldera irteten dut.

Goizean goiz jaikita?

Ez, hori ez, egunsentiak-eta ateratzera goizean goiz irtetea kostatu egiten zait. Baina udaberri aldera horretan hasteko gogoa badut. Bestela, kamera hartu eta Oinatz aldera edota Xoxotera joaten naiz. Ni egunez ibiltzen naiz batik bat. Paseatzera beti kamerarekin joaten naiz; emazteak hala dio, beti maitalearekin irteten dudala. Kamera beti eraman behar da gainean,badaezpada.

Urtaroetatik zein duzu gustukoena?

Udazkena beti da polita. Udaberria ere polita da. Udazkenean hostoa erortzen ari direneko argazkiak atera ditugu, eta orain neguan elurra egin zai nago.

Gertutik

  • Azpeitian jaioa, 1954an.
  • Azpeitiko Argazki Elkarteko (www.azpeitikoargazkielkartea.com) kidea da, ia sorreratik.
  • Hainbat argazki rallytan eta argazki lehiaketetan parte hartu du sari ugari jasoz, esaterako: 2006an jarraian hiru argazki rally irabazi zituen, Azpeitiko Sokamuturraren eta Inauterietakoa, Urola bailarako XXIX. Udaberrikoa eta Tafallakoa; Santa Lutzi feria 2010eko argazki lehiaketan bigarren saria jaso zuen; 2010ean Loiolako Inazioren gaineko argazki lehiaketan onena izan zen; eta, aurten bertan Azpeitiko Sokamuturraren eta Inauterietako argazki rallyan laugarren saria jaso du, Urola bailarako udaberriko rallyan argazki onenaren saria jaso du eta udazkenekoan bigarrena.
  • Etxenagusiaren argazki batzuk dauden webguneak:
  • www.eitb.com/usuarios/u/2233/inaki-etxenagusia-unanue/
  • www.flickr.com/photos/azpeitikoargazkielkartea/