'Txiki' eta Otaegi indarkeria politikoaren biktimak direla aitortu du Legebiltzarrak

Uztarria.eus 2012ko aza. 20a, 11:53

55 eskaera jaso dituzte, horietatik 11 aztertu eta 8 onartu, eta zarauztarra eta azpeitiarra izan dira Eusko Legebiltzarreko batzordeak aitortutako lehen biktimak.

Indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu zituzten atzo, astelehena, Jon Paredes Txiki eta Anjel Otaegi. Poliziaren indarkeriaren biktimak errekonozitzeko batzordeak esan du ez zutela epaiketa justu bat izan. Francoren erregimenak hildako azken presoak izan ziren. Zortzi eskaera onartu eta hiru baztertu ditu jatorri poliziala duen indarkeriaren biktimak aitortzeko sortutako lantaldeak. 55 eskaera jaso dituzte, horietatik 11 aztertu eta 8 onartu, eta zarauztarra eta azpeitiarra izan dira Eusko Legebiltzarreko batzordeak aitortutako lehen biktimak. Batzordeak aho batez hartu du erabakia.

1960 eta 1978. urteen artean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak ekainean, eta Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagarekin hitz egin zuen Uztarria.com-ek orduan.