Gaizka Zubizarreta: "Liburua amaitzea baino zailagoa izan da argitaratu ahal izateko bidea"

Uztarria.eus 2012ko aza. 14a, 18:46
Gaizka Zubizarreta, 'Mujer de canela'-ren ale bat eskuetan duela.

Mallorcan (Balear Uharteak, Herrialde Katalanak) bizi den urrestildarrak bere lehenengo eleberria plazaratu du, Mujer de canela izenekoa. Orain dela bederatzi urte euskaraz idatzi zuen lana osatu eta gaztelaniaz eman du, autoedizioaren bidetik. Bertsio digitalean eta paperezkoan eskuratu daiteke "euskal emakumean inspiratuta" dagoen Marlaniren istorioa. 

Gaizka Zubizarretak (Urrestilla, 1983) bizitzako ametsetako bat bete du Mujer de canela argitaratuta. Bere benetako jatorriaren bila bide luzea eta gogorra egingo duen Marlaniren istorioa da, euskaraz jaio eta argia gaztelaniaz ikusi duen eleberria.

1936ko gerra, diktaduraren urteak, ETA-ren sorrera eta bilakaera, kartzela... Osagai horiekin hornituko da Marlaniren eta haren ingurukoen bilakaera eta bilaketa. "Nortasunaren, askatasunaren eta burujabetzaren inguruko hausnarketa sorrarazi nahiko nuke irakurleengan", dio Zubizarretak. Autoedizioaren bidetik jo behar izan du Urrestillakoak lehen lana argitaratu ahal izateko. Interneten, Bubok atarian jarri du salgai, paperezko edizioan zein e-book formatuan. Paperezko edizioa Azpeitira ere iritsi da, aste honetan bertan.

Marlani, kanelazko emakumea. Nondik jaioa da? Nondik sortu zitzaizun pertsonaia?

Kanelazko emakumea euskal emakumean inspiratuta dago. Nire ustez, euskal emakumeak erronka bat bizi izan du. Hau da, burujabetzaren bidean lidergo on bat nola eman, euskal kulturan emakumeak duen presentzia garrantzitsuagatik; mitologiatik hasita, Anbotoko Marirengandik, liburuan azaltzen dudan bezala, eta gaur egunera arte. Hor aitzindaritza bat dago eta, aldi berean, gozotasuna. Kanpotik datozenei harrera egiten diena da euskal emakumea; gure kulturan sukaldearekin dagoen konexioa... Oreka horretan inspiratu naiz.

Izena ere berezia du pertsonaiak: Marlani.

Liburu hau 20 urte nituela euskaraz idatzi nuen. Idazten hasi nintzenean, pertsonaia nagusiarentzat izen bat behar nuen, eta zerbait ezberdina nahi nuen. Uda batean, Correos-en lanean ari nintzela, Aratzerreka bideko baserri batera gutuna eraman behar nuen. Eta betiko Margarita jarri beharrean, Marlani jartzen zuen helbidean. Eta pentsatu nuen: 'Hara, akats ortografiko hau nire pertsonaia da'. Momentu hartan halaxe sentitu nuen, garbi ikusi nuen, eta hortik dator Marlaniren izena.

Lehenengo bertsioa euskaraz idatzi zenuela diozu, baina bederatzi urteren buruan, gaztelaniaz argitaratu duzu eleberria. Zer dela eta, hizkuntza aldaketa?

20 urterekin bizitza euskaraz egiten nuen, Urrestillan bizi nintzen. Bukatu nuenean, berriz, aldaketa bat egon zen hor eta Indiara joan nintzen. Handik bueltan eta nobela bukatu nuenetik bost urteko etenaldi bat egon da, Iñaki Zubeldia editoreak liburuarekin aurrera egiteko animatu ninduen arte. Eta, harrezkero, nire bizitza ia osoa erderaz egin izan dut. Erderaz bizi nintzenez, hizkuntza hori erabiltzeko aukera ikusi nuen; eta euskal kulturaren emakumearen esentzia hori, kanelazko emakume hori, jende gehiagorengana ailegatzekoa. Nire bizimoduko hizkuntza momentu honetan hau delako, eta inpaktu gehiago izango zuela uste nuelako.

Euskaratzeko asmorik bai?

Hori beste erronka bat izango litzateke. Asmoa, bai. Nola, noiz eta non ez dakit, baina oso notizia ona litzateke hori niretzako, beste amets bat betetzea.

Liburuan, eskertzen atalean, "zimurtutako esku eta laztan leuneko emakume horri, kanelazko emakumeari", aipamen berezia egiten diozu. Emakume horrek ba al du aurpegirik, ba al du izenik?

Orokorrean inspirazioa euskal emakumea izan bada, bere rol desberdinetan, batik bat euskal amonak hartu ditut gogoan. Agian kanpoan bizi naizelako izango da, baina uste dut euskal baserri eta etxeetako amonaren irudi hori etxeko gozotasunarekin oso erlazionatuta dagoela. Esku zimurtuak eta laztan leunak horiek dira. Ez da emakume jakin bat, denak izan daitezke; baina irudi hori daukat barruan sartuta.

Eta kanelaren usaina?

Liburuan esaten dudan bezala, jaiotzaren momentuarekin lotzen dut kanelaren usaina. Pentsatzen dut jaiotzen garenean gozotasunez beteta etortzen garela eta, gero, pixkanaka, ozpintzen joaten garela. Horregatik kanela, oreka horregatik, gozotasun hori ez delako galdu behar. Marlaniren barruko gozotasun horren irudikapena da.

1936ko gerratik hasi eta 1980ko hamarkada arte identitatearen bila eta identitate hori osatuz doan emakumearen istorioa da liburua. Identitate indibiduala, eta kolektiboa. Euskal Herriaren historiako urte horietako gorabehera sozial eta politikoak ere landu dituzu, neurri batean. Nola landu duzu istorioaren hari hori?

Bibliografia askorekin, eta gutxi gustatutako liburu asko irakurrita ere bai. Azken finean, nortasuna balore bezala hartuta, metafora bat da liburua. Nik uste dut gure herrian urte horietan gertatu zena, momenturik inportanteena, indibidualitatetik hasita zegoen nortasun bilaketa bat, nortasun indibidual hori kolektibo bihurtzera eraman zuena dela. Nortasun indibidualaren bilaketa gauzatzen denean, pertsona batek nolakoa den deskubritzen duenean, pertsona aldatu egiten da. Baina pertsona asko nortasun bat bilatzen hasten direnean, kulturaren nortasuna da aldatzen dena. Momentu hori oso inportantea da. Baina, nire ikuspuntu umiletik, ez dugu jakin izan hori tresna egokiekin konpontzen, eta horrek askatasuna galtzera eraman gaitu. Metafora da, bakoitzaren nortasunaren bilaketaren emaitzak askatasuna behar duela izan; eta, kasu honetan, ikusten da kulturak zer inpaktu duen gure nortasunean, eta nortasun kolektiboak askotariko nortasun indibidualak nola jaten dituen. Nortasunaren, askatasunaren eta burujabetzaren inguruko hausnarketa hori sorrarazi nahiko nuke irakurleengan.

Protagonisten herriak, Behinolak, zenbat du Urrestillatik?

Dena. Urrestillatik dena dauka liburu honek. Istorioaren plato-a da Urrestilla. Horrelako toki batean, eta ez beste inon, existitu zitekeen kanelazko emakumea. Urrestillatik dena dauka istorioak, eta egilearengandik ere bai. Berezitasun askotan, autobiografikoa da.

Pertsonaietako bat, sustraiak indartsu dituen arren, ito egiten du herri txikiko bizimoduak. Horrekin identifikatu al daiteke, kasu honetan, egilea?

Bai, erabat. Gaitasunak ahal dudan guztia garatzea gustatzen zait. Arrainontzi batean bizi ala ozeanoan bizi, nahiago dut ozeanoan bizitzea, hori izan daiteke irudia. Gainera, horrela eginda, eskaintzeko gauza gehiago dudala iruditzen zait.

Marlaniren bizitza gorabeheraz eta gazi-gozoz beteta aurkezten duzu. Mujer de canela-ren ibilbidearekin parekatuko al zenuke?

Oso bide luzea izan da. Bi urte eta erdiz buru-belarri ibili naiz lanean, eta liburua amaitzea baino zailagoa izan da argitaratu ahal izateko bidea. Argitaletxe askoren atea jo dut, literatur-agente askorekin hitz egin dut, eta azkenean autoedizioaren bidea hartu dut, ekonomia eta balore krisi garai honetan idazle berrientzako biderik onena hori delakoan.

Zer moduzkoa ari da izaten autoedizioaren esperientzia?

Nire ustez, autoedizioan sartzeko oso-oso garbi izan behar duzu zergatik idazten duzun, zer helburu duzun, idazterakoan. Garbi ez badaukazu, ez duzu izango aurrera segitzeko behar den motibazioa. Autoedizioan zeu zara zure lana kudeatzen duen pertsona bakarra. Dena zeuk egin behar duzu: zeuk ordaindu behar duzu, ez dakizu zer erantzun izango duen, zeuk egin behar duzu publizitate guztia, zeuk bilatu behar dituzu zure liburua salduko duten saltokiak, azala, zuzenketak... Zeu zara guztiaren arduraduna. Beraz, garbi eduki behar duzu, lehenengo, ez duzula idazten gero zenbat jendek irakurriko zaituen zenbatzeko; ez duzula idazten dirua irabazteko, honek ez du-eta dirurik ematen. Idaztea bokazioa baldin bada, amets batez hitz egiten ari bagara, autoedizioarekin jarraitzeko nahikoa motibazio edukiko duzu; bestela, ez.

Mujer de canela urriaren 30ean argitaratu zenuen. Edizio digitalean eta paperezkoan, bietan ari zara zabaltzen. Zenbat ale inprimatu dituzu?

Autoedizioan, liburuak eskaeraren arabera inprimatzen dira; horregatik tardatzen dute liburuek bi aste saltokira iristen, eskatu ahala egiten dituztelako. Horrek, era berean, obrari biziraupen luzeagoa ematen dio. Momentuz [elkarrizketa azaroaren 12koa da] 164 saldu dira.

Paperezkoak, non dituzu salgai?

Hemen, Mallorcan, neuk lan egiten dudan enpresak duen saltokian; eta Azpeitian, Iratzarren. Aste honetan bertan ailegatu dira horra, gainera. Alacantera eta Valentziara liburua aurkeztera joatekoa naiz, han ere bi liburudendak Mujer de canela saltzeko interesa azaldu dute eta. Momentuan, behintzat, dezenteko aktibitatearekin nabil. Abenduaren 7an Durangoko Azokan egongo naiz, Idazle berriak autoedizioaren bidetik izeneko hitzaldian. 8an, berriz, Urrestillan aurkeztuko dut liburua. 17an egingo dut Palmako aurkezpena, Miriam Subiranarekin [nobelaren hitzaurrea idatzi du]. Gero, Alacantekoa eta Valentziakoa. Eta, otsailean, Delhiko (India) Cervantes Institutuan ere aurkeztuko dut.