Udal zergak eta tasak %2,7 igoko dira 2013an, salbuespenekin

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko aza. 7a, 19:27

2011ko abuztutik aurtengo abuztura arteko KPI-aren balioa da igoko dutena. Hala ere, eta "egoera larria" kontuan hartuta, tasetan hainbat hobari berri ezarri du Udalak.

Datorren urteko Azpeitiko udal tasak eta zergak %2,7 igoko dira, hau da, 2011ko abuztutik aurtengo abuztura arteko KPI kontutan hartuta. Kiroldegiko tasak, baina, %6 igoko dituzte, kiroldegiko zerbitzu askoren BEZa %8tik %21era igo delako eta KPI igoera kontuan hartuta; urteko familia-abonua 291,67 eurokoa izango da eta banakakoa, berriz, 187,66 eurokoa. Hala ere, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta eta "jarduera ekonomikoak suspertze aldera", orain arteko hainbat hobari mantentzea eta berri batzuk ezartzea erabaki dute udal arduradunek.

Datorren urteko tasak eta zergak atzo, asteartea, egindako Udalbatzarrean erabaki zituzten. Bildukoen eta Hamaikabateko zinegotziaren aldeko botoarekin, eta EAJkoen abstentzioarekin.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak (Bildu) azaldu duenez, tasak ez dira soilik dirua biltzeko tresna, "politika ekonomiko aurrerakoiak, herritarren bizi baldintzak hobetu eta justizia sozialean sakontzeko tresnak ere badira". Zerbitzuak publikoak diren heinean "ardura ekonomikoarekin kudeatu beharra" azpimarratu du alkateak, "beti helburu bezala gure herria hobetzea hartuta".

Hamaikabateko Aitor Arangurenek ere datorren urterako tasak eta zergak KPI igotzearen alde bozkatu zuen; "Udalaren zerbitzuak ziurtatzeko eta zuloa ez handitzeko" beharrezko neurria dela iritzi dio KPI igotzea.

EAJko zinegotziak, ordea, tasak eta zergak ez igotzearen alde egin zuten Udalbatzarrean. "Igoerarik ez da ezarri behar, Azpeitian Gipuzkoan aldean langabezia asko igo delako. Eta, KPI bakarrik igo arren, egungo egoera ekonomikoan igoera nahiko latza da". Bestetik, igoerarik ez egiteko udal aurrekontuak partidaz partida hartu, eta nondik kendu daitekeen aztertzearen alde egin zuten, hala esan zuen Jexux Larrañaga EAJko zinegotziak.

Datorren urterako udal tasak eta zergak erabakitzeko batzordean hiru aldiz bildu direla azaldu zuen alkateak. "Tasak eta zergak, denon adostasunarekin erabakitzea nahi genuen. Horretarako beste alderdiei ekarpenak edota proposamenak egiteko eskatu genien. Baina, plenora arte ez dugu jakin datorren urteko tasa eta zergen proposamenaren inguruko EAJkoon iritzia", adieraz zuen alkateak.

Datorren urteko udal aurrekontuen inguruan, berriz, alderdi guztien artean egitea gustatuko litzaiokela azaldu zuen alkateak, "horrela hobe delako"

Ezin dutenei laguntzak

Aurretik bezala, Udalak tasen eta zergen gainean hainbat hobari eta laguntza ematen segituko du. Hau da, tasei aurre egin ezin duten herritarrei laguntzen jarraituko du. Hala nola, langabetuei, diruz iritsi ezin direnei eta familia ugariak direnei laguntzen segituko du datorren urtean ere. "Bai Kirol Patronatuan, bai Euskara Patronatuan eta baita Gizarte Zerbitzuetan ere", gaineratu du alkateak. Tasei aurre egiteko laguntzak Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratuko dituzte.

Apustua, birziklatzea

Udalak, birziklatzearen aldeko apustua eginez, orain arteko hobaria kalkulatu du, eta autokonposta egiten dutenei datorren urteko zaborraren gaineko zergaren tasan %25eko hobaria ezartzea erabaki dute.

Horrez gain, auto elektrikoak erosten dituztenek autoen zirkulazio zergan %50eko hobaria izango dute 2013an.

Jarduera ekonomikoaren gain

"Bizi dugun egoera larriari aurre egiteko hainbat neurri eta hobari ezarri ditugu ekonomia jardueretan", azaldu du alkateak. Hori kontuan, merkataritzako jarduera berriak ireki edota komertzioetan eraberritzeko lanak egiten dituztenei obra lizentzian erdira jaitsiko zaie ordaindu beharrekoa. Industria ibilgailuei, berriz, zirkulazioko zergan ez zaie igoerarik ezarriko datorren urtean.

Bertako baserritarrei eragiten dien hobari bat ere ezarriko du datorren urtean Azpeitiko Udalak. Hau da, astearteroko azokan bertako produktuak saltzeko postua jartzen dutenek %50eko hobaria izango dute.

Horrez gain, industriako jardueren gaineko hobariak "banaka-banaka" aztertuko dituztela azaldu dute udal arduradunek. "Industria berriak sortu eta hobekuntzak egin behar dituztenen kasuak aztertzeko konpromisoa hartu dugu", adierazi du alkateak.

Jarduera Ekonomikoen Gaineko zerga igotzeak enpresa txikietan eta ertainetan eraginik ez duela izango azaldu du alkateak, "kasu horretan, milioi bat eurotik gora fakturatu behar baita".

Hutsik dauden etxebizitzak alokairura ateratzea sustatzeko, neurri berri bat ere hartu du udalak datorren urterako. Hau da, etxe hutsen kasuan Ondasun Higiezinen Gaineko zergan %50eko errekargua ezarriko da. Errekargu hori ordaintzetik salbuetsiko diren hainbat kasu ere zehaztu dituzte kasu honetan.