2007ko Arau Osagarrien berrazterketa baliogabetu du Espainiako Auzitegi Gorenak

Uztarria.eus 2012ko aza. 7a, 18:56

Epaia aldizkari ofizialetan ez dute oraindik argitaratu, baina Udalak joan den urriaren 23an jaso zuen autoa eta horren berri atzo, asteartea, eman zuen alkateak azaroko Udalbatzarrean.

EAEko Auzitegi Nagusiak 2008ko abenduan baliogabetu zuen Azpeitiko Udalak 2007an onartutako Arau Osagarrien berrazterketa; urte hartako apirilean onartu zituzten Arau Osagarriak Udalbatzan (2006ko urriko Uztarria aldizkarian landu zen gaia). Leku Eder eraikuntza enpresak jarritako auziaren ondorengo EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jarri zion Udalak eta, orain, Espainiako Auzitegi Gorena izan da azken ebazpena eman duena: Azpeitiko hiri antolamendurako Arau Osagarriak baliogabeak direla dio epaiak, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia berretsiz.

Epaiak "arauak hankaz gora" utzi dituela esan zuen Eneko Etxeberria alkateak eta, epailearen aginduz, "Udalbatzarrari dagokiola epaia exekutatzea. Beraz, guri dagokigu arau berriak egitea". Hain zuzen ere, eta epaia orain arte publiko izan ez arren, edukia Udalaren interesen kalterako izango zela aipatu izan du behin baino gehiagotan azken hilabeteetan Etxeberriak berak. "Seguru gaude arauak baliogabetu egingo dituztela", esan zuen, esaterako, uztailean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari hasierako onarpena eman ziotenean. Hain zuzen ere, 2009ko uztailean erabaki zuen Udalak Plan Orokor berria egitea, Arau Osagarrien gaineko EAEko auzitegiaren epaia ezagutu ondoren.

Arauak "Luciano Soraluzek -Leku Eder enpresakoa- hankaz gora bota" dituela esan daitekeela esan zuen, bere aldetik, EAJren bozeramaile Jexux Larrañagak. Plan Orokor berria osatu arte Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia publikoa egitea Udalarentzat kaltegarria zela gaineratu zuen Larrañagak; eta horretan bat etorri zen alkatea ere, "Azpeitiari kalte egin nahi diotenei armak ematea" delako, "baina, epaia publikoa da". Zentzu horretan, Udalari une honetan balizko kaltea eragin diezaiokeen bakarra Belen Aginagalde dela esan zuen alkateak, Auzarazako etxebizitzen auziarekin lotuta. Hain zuzen ere, urriko Udalbatzarrean onartu zuten Auzarazako Plan Bereziari hasierako onarpena ematea.

Udalak ordaindutakoak

Arau Osagarrien gaineko epaiaren berri ez ezik, orain behin betiko baliogabetuta gelditu diren arauak egiteak eta Auzarazako etxebizitzen inguruko epaibideak Udalari eragin dizkion gastuen berri ere eman zuen Etxeberria alkateak, Jexux Larrañagak aurrez egina zuen eskaera bati erantzunez.

2007an onartu ziren Arau Osagarriak egiteko 519.000 euro gastatu zituen Udalak. Auzarazako auzian, berriz, orain arte 322.000 euro dira Udalak ordaindu behar izan dituenak.