Joxe Labaka: "Rallysprinteko txapela ustekabean etorri da"

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 31a, 17:47
Joxe Labaka, bere autoarekin. (NEREA URANGA)

Aitor Otaegi kopilotuarekin batera, Mitsubishi EVO V autoarekin irabazi du txapelketa. 34 urte daramazki auto lasterketetan Labakak.

Rallysprinten denboraldia asteburuan bukatu da Eibarren. Beste behin, Joxe Labaka auto gidaria (Azpeitia, 1960) Euskadiko Rallysprinetako txapelduna izan da, Aitor Otaegi kopilotuarekin batera. Mitsubishi EVO V autoarekin irabazi dute txapelketa. 34 urte daramazki auto lasterketetan Labakak, Simca 1000 200 TI-arekin hasi zen. Ordutik hamar bat auto pasatu ditu.

Rallysprint txapelketako azken lasterketa larunbatean jokatu zenuten Eibarren. Zuen aurretik zihoan Joseba Zapirainek istripua izan, eta txapela eskuratu duzue. Nolakoa izan zen lasterketa?

Eibarko lasterketa baino lehen Zapirain aurrena zihoan 22 puntuko aldeaz. Hark istripua izan ondoren bigarren edo hirugarren postuarekin nahikoa genuen txapelketa irabazteko. Eibarko lasterketan eguraldi txarra egitea nahi genuen; eguraldi onarekin ez zegoelako irabazterik. Hala egin zuen, eta errepidea oso txarra eta arriskutsua zegoen, edozein deskuido txiki nahikoa zen istripua edukitzeko, eta Zapirainek zorte txarra eduki zuen. Lasterketan irten eta berehala hartu zuen dezenteko kolpea. Baina hura erretiratuta ere, guk lasterketa bukatu beharra geneukan, ondo bukatu gainera. Hala egin genuen eta oso gustura gelditu ginen. Oso aukera txikia ikusten genuen irabazteko, baina azkenean denak gure alde irten zuen eta gustura. Ustekabean irabazi dugu, Zapiraini irabaztea oso zaila ikusten genuelako.

Zapirain lasterketa hasi eta berehala erretiratu zela ikusita kontu gehiagorekin ibili al zineten lasterketan?

Ez, ez zegoen kontu gehiago edukitzerik. Erritmo makalagoan ibilita askotan arriskutsuagoa izaten baita, desberdin ibiltzen delako. Gu ahalik eta azkarrena ibili ginen lasterketan. Hori bai, azkenengo tramoan Eibarrerako goitik beherakoan kontu gehiago izan genuen, gainera tarte horretan bidea oso txarra zegoen. Baina, gainontzean karreran erritmo azkarra ibili genuen.

Eta dena ondo atera eta gustura?

Bai, bai. Bidea ikaragarri txarra zegoen eta denok ikaragarri sufritu genuen. Kolpe asko egon zen.

Bukatu berri den honekin 34. denboraldia egin duzu auto lasterketetan. Urte hauetan guztietan asko aldatu al da mundu hori?

Bai, asko aldatu da, ikaragarri. Kostu aldetik batik bat. Ni hasi nintzenean autoa bakarrik behar zen. Ni kaleko autoarekin hasi nintzen Urrakin, ia pezetarik gastatu gabe. Lizentzia atera eta kaskoa behar zen orduan, ez besterik: ez buzo, ez eskularru, ez iraultzea ekiditeko barra... Nonbaitetik hartuta su-itzalgailu bat jartzen genuen aldamenean eta halaxe ateratzen ginen karreretan. Orain, berriz, segurtasun neurrietan bakarrik lasterketa batean irteteko autoan diru pilo handia gastatuta eduki behar da. Hori alde batetik ondo dago, segurtasun neurri onak direlako, baina diru asko suposatzen du.

Giro aldetik ere asko aldatuta dago ordutik. Gu hasi ginen garaian lagunarte gehiago zegoen, eta jendea ez zen hainbeste denbora egitera joaten. Dena den, azken denboraldian lagunarte giro ederra eduki dugu. Gaur egun, ikaragarri azkar ibiltzen den pilotu asko dago Euskal Herrian. Baina auto eta laguntza falta dute, eta gaur egun oso zaila dago hori.

Orduan krisia ere antzeman duzue?

Ari da, orain ari da antzematen. Asko aguantatu da, baina auto garestiak gutxitzen hasita daude lasterketetan. Mantenimendu merkeago duten autoekin nola edo hala segitzen da.

Lasterketen antolaketan ere antzeman al da krisia?

Batik bat alde horretatik ari da antzematen krisia, lasterketa bat antolatzeko diru asko behar baita. Aurten handik edo hemendik antolatu dituzte, baina datorren urtean zer pasatuko den ikusteko dago. Ikusle aldetik, berriz, aurrekoan eguraldi txarra zen eta jende gutxi zen, baina aurten orokorrean lasterketetara jende asko joan da, Euskal Herrian afizio handia baitago.

Zuek babesleak ere badituzue, ezta?

Nire kasuan, alde horretatik, oraindik bastante ari gara defendatzen. Babesle bezala hor ditut: Aiertza Autoak, Bi-Aitz karrozeria, Jim Clarck kafetegia, Letea jatetxea, Laister Aldamioak, Amenabar, Iraegui grafikak eta Lagun Artea Eskuderia. Baina, gutxitzen ari da kontu hori ere. Datorren urtera begira beldur handia ematen du, alde guztietan dena jaisten ari baita.

Autoaren mantenuan ere lagunartean hainbat lan egiten dituzue, ezta?

Bai, koadrilan aritzen gara gu. Horrenbeste urtean auto lasterketetan ibili banaiz horien laguntzari esker izan da, nik ezin dut autoa hartu eta arazo bat daukadan bakoitzean konpontzaile batengana eraman. Hori ezinezkoa da, eta gaur egun oraindik eta gutxiago. Gu hiru-lau lagun iluntzero elkartu, eta ordubete edota ordu eta erdian autoak behar dituen mantenu lanak egiten ditugu. Aurten eta iaz autoak nahiko bake eman digu alde horretatik eta bastante ondo gabiltza, baina horri esker: lagunen laguntzagatik. Bestela ezingo nuke segitu.

Inoiz auto lasterketak uzteko tentaziorik izan al duzu?

Aspalditik, urtero samar, denboraldiaren bukaera aldera nekatuta sentitu naiz. Aspertuta ez, baina astuna egiten zitzaidan bukaera. Baina, gero txapelketa irabazi izan dut , eta 'beste denboraldi bat egin beharko dugu', pentsatzen dut. Denboraldia hastear dagoenean, berriz, hurrengo lasterketa noiz eta non den begira jartzen naiz, gogoz. Niri zaila egiten ari zait lagatzea. Momentuz datorren urtean ere segitzeko asmoa dut, baina lanarekin eta krisiarekin asuntua dagoen bezala ez dakit zer egingo dudan. Baina, beste denboraldi bat egin nahiko nuke.

Zein modalitate duzu gustukoena?

Rallya dut gustukoena. Rallya egun osokoa eta luzeagoa da, baina batik bat kostuagatik ezin dut rallyetan ibili. Rallyak gurpil eta gasolina aldetik diru asko suposatzen du. Rallysprinta gutxiago kostatzen da, eta hor segitzen dut.

Eta lasterketa gustukoena?

Eibarkoa oso polita da, iaz antolatu zuten aurreneko aldiz eta asko gustatu zitzaidan. Baina, normala den bezala, nik gustukoenak Azpeitikoak ditut. Azpeitian tramo ederrak ditugu: Euskal Herritik gehien gustatzen zaidana Beizamakoa da, baina orain ez digute uzten egiten; Urraki ere ikaragarri gustatzen zait, bai Azpeititik Goiatzera eta baita Goiatzetik Azpeitira artekoa ere; Errezilgoa oso desberdina da. Aurten Etumetara egin da eta asko gustatu zait.

Azaroaren 18an Urrakiko Igoera da, parte hartzeko asmorik bai?

Hartu beharko dugu, denboraldiari azkena emateko. Normalean igoeratan ez naiz ibiltzen eta gutxiago gustatzen zaizkit. Baina, herrian denez eta Lagun Arteak antolatzen duenez parte hartuko dut.

Auto gidarietan gustukorik ba al duzu?

Iñaki Alberdi gustatu izan zait beti, izugarrizko gaitasuna dauka. Errietan jarduten diot beti, denbora asko galtzen duelako bere kruzadetan eta. Baina, abildade handiko pilotua da. Txiki-txikitatik lagunak gara. Orain, beste gazte batzuk ere badatoz: Jokin Aiertza eta. Azpeitian eskua daukan pilotu gazte asko dago, eta segitzen badiote etorkizuna dutenak.

Azken urteetan auto klasikoen lasterketak ugaritu dira, inoiz hartu al duzu parte?

Bai, hiru aldiz irten dugu Azpeitikoan.

Orduan autoarekin poliki ibiltzen ere asmatzen duzue.

Behin Jose Antoniok (Araneta) animatuta irten genuen ilobak eta biok, eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Angel Gurrutxagak utzi zigun autoa. Postu ona egin genuen aurreneko aldian, bigarrenean bigarren eta aurten seigarren. Aurten Maikelek (Del Cid) oso zaila jarri du, baina oso gustura ibili ginen. Poliki ibiltzen da, baina ondo egin behar da eta sentsazio ona sentitzen da. Klasikoetan kopilotuak agintzen du, haren lana oinarrizkoa da.

Inoiz ez al dizu ilobak (Aitor Otaegi) bolantea hartzeko lekukoa eskatu?

Ez du nahi, inoiz esan diot bolantea hartzeko, baina ez du nahi. Elkarrenganako konfidantza handia eta harreman oso ona daukagu. Nahiago du nire aldamenean ibiltzea eta nik eskertzen diot hori.