Azken minutuetara arte ezin izan du neurketa erabaki Iraurgi SBk

Iraurgi Saskibaloia, Uztarria.com 2012ko urr. 29a, 11:59
Partidako une bat.

Pantinek eta Motosek lortutako saskiratzeei esker 52 eta 59 irabazi zuen gipuzkoar taldeak Prat Herrialde Katalanetako taldearen kontra.

Beste behin etxetik kanpo jokatzea egokitu zaio Iraurgi SBri. Denboraldiko bigarren neurketa zen zapatuko gipuzkoarrentzat eta bigarren aldiz bere zaleengandik urruti jokatu behar izan zuen. Baina, talde hori edozertarako prest dago eta Avilako neurketarekin gertatzen denaren esperoan, denboraldiko lehen garaipena lortu dute Iurgi Caminosen mutilek.

Aurreneko minutuak zoro xamarrak izan ziren. Bai uztai batean eta baita bestean ere huts askotxo egin zituzten bi taldeek eta asmatzen zutenean, Albert Homsek hasieran egin zuen moduan, beste aldetik erantzuna segituan etortzen zen, Mikel Motosek bere denboraldiko bere aurreneko puntuak sartuta ISBrekin, adibidez. Partiduetako gakoetako bat kataluniarren kanpoko jokoa gelditzen jakitea izan zen. Suarezek eta Homsek, ordea, min egin dute eta horri eskerrak, markagailuan aurretik mantendu ziren lehen laurdeneko ia minutu guztietan etxekoak. Barruko jokoan, aldiz, nagusi izan zen Iraurgi SB, eta hutsak huts, puntuak batzen hasi ziren Pantin eta konpainia, Guillermo Justok, lehen laurdenaren amaieran 14 eta 14koa igoarazi arte.

Bigarren laurdena hasi bezain pronto, aurrenekoz jarri zen aurretik Iraurgi SB, Joseba Ibargutxiren saskiratze bati esker. Mikel Motosek hori ikusita aldea zabaltzeko asmoa erakutsi zuen eta lau puntu jarraian eskuratuta sei puntuko abantaila eman zion bere taldeari. Gipuzkoarrak defentsan askoz hobeto zebiltzan. Fohlerrek eta Barberenak ez zuten zirrikiturik uzten zona barruan eta kanpotik ere ezin izan zuten asmatu Pratekoek. Hiru minututik gora egon ziren Carles Duranen mutilak punturik lortu gabe eta kataluniarren entrenatzaileak, Iraurgi SB partiduaren jabe egiten hasia zela ikusita, hutsartea eskatu behar izan zuen. Gervert Martík, aurreneko bi neurketetan, kataluniarren partetik jokalari onenak, hirugarren falta egin zuen 16. minuturako eta baliabide garrantzitsu bat galdu zuten etxekoek. Partidua puskatzeko aukera zuen Iurgi Caminosen taldeak, baina saskiratze trukaketa batean bihurtu zen neurketa orduan. Batek hirukoa sartzen zuela, besteak erantzun. Batek saski azpian, besteak barneraketa bidez. Trukaketa horretan baina, etxekoek euren abilezia ateratzeko aukera ikusi zuten eta aprobetxatu ere bai, neurketa berriz ere berdindu arte, nahiz eta atsedenaldira 27 eta 28 heldu ziren gipuzkoarrak aurretik.

Neurketa irabazteko pazientzia behar-beharrezkoa izango zela garbi gelditu zen eta partidua puskatzeko aukerak ezin zirela bazterreratu jakin zuten jokalariek. Hirugarren laurden hasieran parekotasuna izan zen nagusi, baina gauza on bat lortu zuten ISBkoek, markagailuan aurretik mantentzen jakitea eta Lasak eta Ibargutxik kanpoko jaurtiketetan asmatzen hastearekin bat ia 10 puntuko tartea zabaldu ahal izan zuten. Baina, etxekoen beste erreakzio txiki batek bost puntura gerturatu zituen laurdenaren amaieran: 43 eta 48.

Lance Kearsek 4 falta zituen ordurako eta Iurgi Caminosek aulkian nahi baino denbora gehiagoan eduki behar izan zuen. Bere taldekideekondo erantzun zuten, batez ere defentsako lanean, eta noizean behin ere puntuak sartuz, azken laurdena hasi bezain pronto Barberenak sartutako hirukoa tarteko. Pantin ere gustura ibili zen taula azpian (12 puntu eta 15 erreboterekin amaitu du), baina etxekoek ez zuten hirugarren porrota jarraian jasan nahi. Borrokan jarraitu zuten eta berriz ere lortu zuten markagailuan gerturatzea. Azken sei minutuetan sartuta 50 eta 51koa erakusten zuen markagailuak. Urduritasuna nagusitu zen orduan partidan. Ez talde batek eta ez besteak ez zuen asmatu uztaia zulatzen. Hutsak besterik ez ziren ikusi 3 minututan, eta punturik ez. Pazientzia edukitzeak, ordea, bere fruitua eman ei du eta Iraurgi SBk jakin zuen azken kolpea noiz eman. Pantinek eta Motosek lortutako saskiratzeei esker 52 eta 59 irabazi zuen gipuzkoar taldeak.