104 parte-hartzaile Sanjuandegiko I. Mendi Duatloian

Uztarria.eus 2012ko urr. 22a, 14:17
Hiru gizonezko irabazleak lasterketa bukatu bezain pronto.

Jon Erguin izan zen lehenengo gizonezkoa eta Amaia Luquin aurreneko emakumea. Lehenen helmugaratu zen azpeitiarra, berriz, Andoni Aranaga izan zen.

Zapatuan jokatu zen Sanjuandegiko I. Mendi Duatloia auzoan eta inguruetan. 104 parte-hartzailek egin zioten aurre euriari eta lokatzari, eta bost kilometro lasterka, 13 kilometro bizikletaz eta 3.5 kilometro korrika egin behar zituzten.  

16:00etan hasi zen proba, eta 75 bat minutu behar izan zituen aurreneko parte-hartzaileak helmugaratzeko. Jon Erguin beasaindarra izan zen garailea (01:13:45). Gizonezkoetan bigarrena ere Beasaingoa izan zen, Luis Mari Urizar, hain zuzen ere. Hirugarren postuan, berriz, Julen Larruzea iritsi zen helmugara. Aurreneko emakumea Errenteriako Amaia Luquin izan zen (01:43:55). Bigarrena, berriz, Noemi Montero izan zen eta Ainhoa Mendia, hirugarren.

Lehenengo kirolari azpeitiarra Andoni Aranaga izan zen eta Joseba Albizu bigarrena. Biak ere txirrindulari profesionalak izandakoak dira.

Sanjuandegiko Festa Batzordeak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin antolatu du proba, eta  Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitoaren baitako lehiaketetako bat izango da Sanjuandegikoa.