Hizkuntzen inposaketaz

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) 2012ko urr. 8a, 19:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats nabarmenak eman ditu euskarari dagokionez. Batetik, lan publikoetarako, obra zuzendariei EGA titulua edo baliokidea eskatuko die. Jada baldintza indarrean jarri du Beasain-Bergara errepidearen lanetarako. Hamaika obra zuzendaritatik bik bederen euskaraz ongi dakitela egiaztatu beharko dute enpresek. Hamaikatik bi. Gehiegi eskatzea al da? Inposaketa? Alderdi Popularreko zenbait kidek, sekulako ezer inposatu ez digutenek, nazien jokabideekin konparatu dute. Edozer esatea libre da, antza, espainiar eskuinik erreakzionariotik botoak arrantzatzeko.

Bestetik, Aldundiaren azalpen publiko guztiak euskara hutsean izango dira, ulertzeko gai ez direnei aldibereko itzulpena eskainiko zaielarik. Erabaki horren aurkako salaketak ere izan dira, "inposaketa" hitza jeltzale batzuen ahotan ere entzun dugu, eta ni harri eta zur geratu naiz. Orain urte batzuk, Bilbon, Batasunaren prentsaurreko batean, euskaraz bukaeran egingo zutela esan ziguten. Eta horrelako milaka prentsaurreko jasan behar izan dituzte hedabide euskaldunetako kazetariek. Inposizioa hura izan zen, ez oraingoa. Jakina, erabaki bat bestearekin lotuz, Aldundiaren prentsaurrekoetan mintzatuko zaizkigunei ere EGA maila eskatu beharko litzaieke gutxienez. Bakarren bat ordeztu beharra badagoke...

Euskaraz ez dakitenak ez dira konturatzen euskaraz bizi nahiak zenbat oztopo gainditu beharra dakarren, horregatik ez dituzte ulertzen guk ezinbestekotzat jotzen ditugun hainbat pauso, aldarrikatzen ditugun zenbait baliabide. Kontu handiz ibili beharreko bidea da, baina geldirik egotea da azkena. Lagun taldeetan ere erdaldun bakarra aski izaten dugu solasaldi guztiak erdalduntzeko. Praktika hori gizartera eta erakundeetara zabaltzeak gure hizkuntzaren galera lekarke. Ezin utziko dugu edukazio gehiegizkoak euskara hil dezan.