Herria ezagutu, mundua ezagutzeko

Uztarria.eus 2012ko urr. 5a, 18:58

Azpeitiko ondarea unitate didaktikoetan proiektua jendartean aurkeztu zuten ostegunean, urriaren 4a, Sanagustin kulturgunean. Ezagutzen dena maitatzen delako, herriko ikasleak Azpeitiaren historiara modu erakargarrian gerturatzeko tresna izan nahi du, batik bat, Udalak bultzatu eta ikastetxeekin elkarlanean garatuko duen proiektua, Hik Hasi hezkuntza taldearen eskutik. LHko gaztetxoentzat egingo dira unitate didaktikoak, baina sarean jarriko dituzten eduki gehigarriekin osatuko dute proiektua, helduek ere informazioa eskura izan dezaten. "Zure herria ez baduzu ezagutzen, ez duzu ezagutuko mundua", esan zuen aurkezpenean Juantxo Madariagak (700. urteurreneko liburuen koordinatzailea), herrien historiak duen garrantzia azpimarratzeko.

Argazkian, ezkerretik eskubira, aurkezpenean parte hartu zutenak: Mari Jose Iturria Hezkuntza batzordeburua, Imanol Elias historialaria, Olatz Aranguren Hik Hasi-ko teknikaria, Eneko Etxeberria alkatea, Joxe Mari Auzmendi Hik Hasi-ko koordinatzailea, Juantxo Madariaga historialaria eta Ainhoa Beristain zinegotzia.