Auzarazarako Plan Bereziari hasierako onarpena eman dio Udalak, "eraikita dauden etxeak babesteko"

Uztarria.eus 2012ko urr. 3a, 20:42

Erabakia aho batez hartu zuten astearteko Udalbatzarrean. Auzarazako etxeetako bizilagun batzuk udaletxean izan ziren eta beraien kezkak plazaratu zituzten.

Azpeitiko Udalak Auzaraza eremurako Plan Bereziari hasierako onarpena eman zion atzo, asteartea, urriko ohiko Udalbatzarrean. Erabakia aho batez hartu zuten Bilduko, EAJko eta Hamaikabateko ordezkariek. Udalaren erabakia eremu horretan "eraikita dauden etxeak babesteko" dela azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak. 2006an Arau Ordezkatzaileetan eremurako Udalak egindako aldaketak baliogabetu ondoren, Auzarazako etxebizitzak legez kanpokotzat jo zituen Espainiako Auzitegi Gorenak 2007an; 1999tik zetorren Leku-Eder SA eraikuntza-etxearen eta Udalaren kontrako auzia. Epai horrek etxebizitzak edo horien zati batzuk, behinik behin, botatzeko bidea ireki zuen. (Gaiaren inguruko gehiago hemen eta hemen).

Orain dela bost urteko epai hura ez da egikaritu edo exekutatu, suspentsoan dago. Baina, auzi-jartzaileek eska dezakete exekutatzea. Horregatik erabaki du Udalak Plan Berezia egitea, hirigintza-ordenamenduko tresna horrekin etxeek eta etxejabeek orain arte ez zeukaten babes juridikoa izateko.

"Ez dakigu prozedurak aurrera jarraitzen duen", esan zuen alkateak, auzi-jartzaileen asmoak ez dituztela ezagutzen adierazteko. Auzarazako etxeetako bizilagun batzuk plenora joan ziren, eta bozketaren aurretik beraien kezkak eta galderak plazaratzeko aukera izan zuten. Horrela, bizilagun batek "harrituta" zegoela adierazi zuen, "epaiarekin aurrera jarraituko al duten ala ez ez dakizuela esan duzuelako, jakinda pertsona horietako bat (Leku Eder SA-ren eta Udalaren kontra auzia jarri zutenei buruz) hemen dagoela", EAJren zinegotzi Jexux Larrañagari erreferentzia eginez. Bizilagunari erantzunez, Larrañagak esan zuen aferak "emozionalki" eragiten ziola, baina juridikoki ez zuela hartan eraginik. "Nahita ere ezin dut kendu (auzia). Onartzen dut ikastola barruan sortu zen gatazka hartan, babestu egin nuela, hori bai. Baina ahalmen juridikorik ez dut". Auziari irtenbidea eman eta epaia ez exekutatzeko akordio bila ari direla ere esan zuen zinegotziak: "Nik dakidanez, eta ez dakit gehiegi, Leku-Eder SA-rekin hitz egiten ari gara, konpontzeko, baina ez dakigu. Kostuak ordaintzea da hor eskatzen dena; peritu batek erabaki ditzala kostuak, eta Leku-Ederri eskatzen zaio herrian zenbait lan egiteko".

Bizilagunen beste itaun bati erantzunez, epaia berriro martxan jartzeko ahalmenik ez al zuen galdetuta, ahalmen juridikoa Belen Aginagaldek zuela erantzun zuen Larrañagak. Eneko Etxeberriak, berriz, "hauek azaldu zaizkigu", esan zuen, Udalak auzi-jartzaileak deitu izan dituenean, Larrañaga berari, Joan Amenabarri eta Jabier Iturralderi erreferentzia eginez.

Urte hauetan eta auziak eraginda abokatuetan gastatuko kostuen gainean "erabaki bat hartzeko" ere eskatu zioten bizilagunek Udalari.

Elkarbizitzaz

Galdera eta erreguen tartean, "elkarbizitzan sakontzeko pausoak" ematea eskatu zioten EAJko ordezkariek alkateari. San Inazio festen bueltan zinegotzi jeltzaleen argazki bat trukatuta kalean agertu ziren kartelak gogora ekarri zituen Jexux Larrañagak, "eta beste batzuk ere bai", Corrugados Azpeitiaren grebarekin lotuta agertu diren kartel eta pintadak aipatuz. "Gauza horiek moztu egin behar direla uste dugu", esan zuen, eta ez direla Udalaren partetik "babestuta sentitu"

"Jakin bezain pronto, bai pintadak eta bai kartelak kentzea agindu" izan duela eta EAJko zinegotziei ateratako kartelen "guztiz kontra" dagoela erantzun zuen Etxeberriak. Hurrengo bilkuran gaia lantzeko gonbita luzatu zien jeltzaleei, "nik babestuko dut". Elkarbizitzaren kontuan "zer hobetua badagoela" aitortu zuen alkateak, baina EAJren aldetik ere "gaizki" egindako gauzak badirela esan zuen, udan banatu zuten "libeloa" aipatuz.