Alfonso Gallardo Taldeak Jaurlaritzatik jasotako dirua itzuli beharko du

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 27a, 20:12

Taldearen egoera eta nagusien jarrera ikusita, enpresak dirua itzultzea "sinestezina" egiten zaie langileei. Baina, enpresak ez du Jaurlaritzak ezarritako baldintzetako bat bete: 250eko langileko plantillari eustea.

Alfonso Gallardo Taldeak, Corrugados Azpeitia enpresaren jabeak, itzuli egin beharko ditu Jaurlaritzak laguntza gisa emandako bost milioi euroak. Hori da enpresak berak dioena, baina langileen ordezkariek ez dute zuzenean horren berririk, "enpresak hala esan du, baina guk ez dugu instituzioetatik horren berririk jaso". Gallardo Taldearen egoera eta nagusien jarrera ikusita, enpresak dirua itzultzea "sinestezina" egiten zaie langileei. Baina, enpresak ez du Jaurlaritzak ezarritako baldintzetako bat bete: 250eko langileko plantillari eustea.

Donostian PSE-EEren egoitzaren aurrean eta BBVA banketxearen aurrean protesta egin dute gaur Corrugados Azpeitiako langileek. PSE-EE alderdiak auzian erantzunkizuna duela diote langileek, Industria Sailak diru-laguntza eman ziolako Alfonso Gallardo Taldeari, eta ondoren ez duelako baldintzen gaineko jarraipenik egin. PSE-EEren egoitzan ez dute arrakastarik izan, baina BBVAko zuzendaritzak hartu egin ditu hara joandako langile denak, "ordezkari sindikalez gainera, Donostiara joandako langile guztiak bildu gara Donostiako BBVAren zuzendaritzarekin". Langileen ELAko ordezkari Imanol Arrojeriak esan duenez, jarrera ona agertu dute: "Akta jaso dute, eta esan digute hitz egindakoak goikoei jakinaraziko dizkietela. Gero, kasu egingo digutela ere esan digute, telefonoz deituta edo e-mail bidez". BBVA da lantegiaren %40aren jabe.

Corrugados Azpeitiako langileak greban daude ekainaren 15etik, enpresaren jabeek proposatutako kaleratzeen eta murrizketen aurka.

Aste honetan, enpresak langile bakoitzari gutuna bidali dio, enpresak galerarik ez izateko murrizketak egin beharra dituela, eta irtenbidea langile bakoitzaren esku dagoela esanez. Enpresaburuek gutunean diotenez, azken urteetan Azpeitiko enpresak ehun milioi euroko galera pilatu du, eta horrek hainbat neurri hartzera behartu ditu. Galerarik ez izateko soldatak murriztu beharra dutela ere esan dute.