Uztaro haurreskolako jangelan elikadura osasungarria bermatzeko hitzarmena sinatu dute

Uztarria.eus | Gizartea
2012ko ira. 27a, 12:32

Uztaro Haurreskolako Guraso Elkarteak, Azpeitiko Udalak, Baserritik.com Baserritarren Elkarteak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak hitzarmena sinatu dute gaur, osteguna, Uztaro haurreskolako jangelan bertako eta kalitatezko produktuak eskaini ditzaten.

Urkomeko, Baserritik.com-eko, Uztaro Haurreskolako Guraso Elkarteko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak, Zelai Luzen, gaur.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Bertako eta kalitatezko produktuak kontsumituz, Uztaro haurreskolako jangelan elikadura osasungarria eskaini dezan, Uztaro Haurreskolako Guraso Elkarteak, Azpeitiko Udalak, Baserritik.com Baserritarren Elkarteak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak hitzarmena sinatu dute gaur, osteguna.

Urkomek, Baserritik.com elkartearen bidez, bertako produktuen kontsumoa bermatuko du Uztaro haurreskolan: "Bertako baserritar eta ekoizleei erosiko zaizkie produktuak eta haurrentzako osasungarria izango den elikadura bermatuko da", esan dute sinadura ekitaldian. Bertako baserritar eta ekoizleei "heuren produktuak merkaturatzeko bide berriak irekitzen lagunduko diegu eta horrek gure paisaia eta ingurugiroan ere eragin positiboa izango du", gaineratu dute.

Lankidetza hitzarmena baserritar edota ekoizele, guraso, haur, irakasle, sukaldari eta beste eragile batzuekin elkarlanean lortu dutela esan dute, eta "aurrerantzean horrelako ekimenak gehituko diren itxaropena daukagu, eta horretara animatu nahi dugu", azaldu dute.

Iaz hasi ziren Azpeitiko Udala eta Uztaro Haurreskolako Guraso Elkartea Urkomerekin elkarlanean, bertako produktuak kontsumitzearen alde lanean. Hori bermatzeko, Baserritik.com Baserritarren Elkartearekin hasi ziren lanean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu