37 urte eta gero, Angel Otaegi gogoan

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 27a, 12:25
Gaur, osteguna, goizean Nuarbeko hilerrian egindako ekitaldiko une bat.

Duela 37 urte, 1975ean, gaurko egunez hil zituen Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetar eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Gaur, zapatuan eta igandean Gudari Egunaren baitan, hainbat ekimen izango da.

Duela 37 urte, 1975ean, gaurko egunez hil zituen Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetar eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak, FRAPeko beste hiru kiderekin batera.

Gaur, hilak 27, goizean Nuarbeko hilerrian omenaldia egin diote Otaegiri, haren familiakoek eta gertukoek, zenbait herritarrek eta Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariek. Han izan dira, besteak beste, Eneko Etxeberria alkatea eta Bilduko zinegotziak eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatua, eta lore eskaintza egin diote Otaegiri, hilobiaren aurrean.

Herriko ikastetxeetako ikasleek ere elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, 11:15ean hasita, Loiolabideko biribilgunean.

Bestalde, gaur eguerdian Ahaztuak elkarteak antolatuta Txiki eta Otaegiren oroimenezko ekitaldia egin Zarautzen. Elkarteko bozeramaile Martxelo Alvarezek omenaldia “oroimen ekitaldia” dela nabarmendu du, “eta ez politikoa”. Ahaztuak elkarteko bozeramaileak familien ondoeza jakinarazi du, hala. Ordezkari politikoen presentzia zintzoa izango dela espero duela gaineratu du, baita etorkizunean oroimena berreskuratzeko “urrats berriak” egingo direla ere.

Bataren zein bestearen sendiaz eta herrikideez gain, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi (Bildu), Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria (Bildu), Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu Iñaki Errazkin (Bildu), Zarauzko EAJko ordezkari Imanol Lasa, Zarauzko PSE-EEko ordezkari Patxi Elola, eta Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendari Maixabel Lasa bildu dira hilerrian, besteak beste.

Hainbat ekimen asteburuan

Gudari Egunaren baitako ekimenek asteburuan izango dute jarraipena eta zapatuan, hilak 29, Egiari Zor ekimenak antolatuta, "egia eta oroimena, Euskal Herriko askatasunaren aldeko konpromisoa eta gatazkaren konponbidea" ardatz hartuta, ekitaldi nazionala egingo dute Izarraitz pilotalekuan, 17:00etan hasita.

Igandean, berriz, Azpeititik Nuarbera mendi martxa antolatu dute, eta 10:00etan abiatuko dira plazatik. Behin Nuarbera iritsitakoan, ekitaldia egingo dute Otaegi zenaren etxe aurrean. Gero, Nuarben bazkaria egingo dute, pilotalekuan. Bazkarirako sarrerak salgai daude dagoeneko, Orkatz eta Txarrantxa tabernetan.

Joan den ekainean, 1960 eta 1978. urtea bitartean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza egiteko eta ordaina emateko dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Tartean, Otaegi ere biktima gisa aitortu zuen, eta Uztarria.com-ek elkarrizketa egin zion haren lengusu Mertxe Urtuzagari.

2001ean Iban Arregik Angel Otaegiri buruzko liburua idatzi zuen, Uztarriaren liburuxka biografikoen bildumaren baitan.