'Urola Kostako Hitza'-rekin hitzarmena egitea eta gaixo dauden presoen aldeko mozioa onartu ditu Udalbatzak

Uztarria.eus 2012ko ira. 25a, 20:54

Urriaren 21eko EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaiak osatzeko zozketa egin zuten bilkura hasi aurretik; hautes-mahaietan egotea tokatu zaien herritarrak gaur hasi dira jakinarazpenak jasotzen. Biharko (irailak 26) greba orokor deialdiarekin bat egiten duela adierazi zuen, era berean, udal gobernuak.

Ez-ohiko Udalbatzarra egin zuten atzo, irailak 24. Gai-zerrenda laburreko batzarra izan zen eta bi puntu besterik ez ziren erabaki bozka bidez. Horrela, Udalak Urola Kostako Hitza egunkariarekin hitzarmena egitea onartu zuen batetik, eta Bilduk gaixo dauden presoen eskubideen alde proposaturiko mozioa, bestetik. Bi kasuetan, udal gobernuan dagoen Bilduren eta Hamaikabaten aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin hartu ziren erabakiak.

Urriaren 21eko EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaiak osatzeko zozketa egin zuten bilkura hasi aurretik; hautes-mahaietan egotea tokatu zaien herritarrak gaur hasi dira jakinarazpenak jasotzen. Biharko (irailak 26) greba orokor deialdiarekin bat egiten duela adierazi zuen, era berean, udal gobernuak.

Urola Kostako Hitza, "estrategikoa"

Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez, Udalak Hitza diruz lagundu izan du aurreko urteetan ere, "baina orain arte ez genuen hitzarmen bat eta, antzeko beste kasuetan bezala, gure apustua horrelako laguntza gutziak erregularizatzearen aldekoa da". Udal gobernuarentzat bailarako euskarazko egunkaria "estrategikoa" dela esan zuen Etxeberriak, "komunikatiboki oso garrantzitsua" eta hizkuntz-normalizazioari dagokionez ere bai: "Nazio bat gara eta gure hizkuntza euskara da. Eta konplexurik lagundu behar dugu gure hizkuntza, Ingalaterran beren hizkuntza laguntzen duten moduan, edo Irlandan, edo Alemanian. Komunikabideen garrantzia gero eta handiagoa denez, euskarazko komunikabideak hizkuntz-normalizazioaren arlo estrategikotzat jo behar ditu administrazioak".

EAJk, bere aldetik, "Uztarriarekin esan genuen diskurtso bera" defendatu zuen. Aitor Gorrotxategiren esanetan, "dirurik ez badago, guk ere nonbaitetik moztu egin beharko dugu"; mozketa horien zati bat komunikazio arloan egitearen aldeko jarrera azaldu zuten berriro jeltzaleek, eta euskararen aldeko ekimenak Euskara Patronatutik bideratzearen aldekoa. Hamaikabateko Aitor Arangurenek, bere aldetik, bailarako beste udalek ere Hitza diruz laguntzen al zuten galdetu zuen, eta gehienek baietz erantzun zioten.

Gaixo dauden presoen eskubideen alde

Beste hainbat udaletan bezala, Azpeitikoan ere gaixo dauden presoen eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuten atzo, Bilduren udal taldeak proposatuta. EAJk gaiaren inguruan beste testu bat eraman zuen baina, gai-zerrendan ez zegoenez, ez zuten testu hori bozketara eraman. Bi testuen edukia "oso antzekoa" zela nabarmendu zuten bi aldeetako ordezkariek eta bat etorri ziren, era berean, denboraz landu izan ezkero adostutako idatzi bateratu bat aurkeztea posible izango zela. "Azken orduan" eta "berandu" ibiltzea egotzi zioten elkarri Bilduk eta EAJk. Azkenean, Bilduk aurkeztutakoa atera zen aurrera, Hamaikabaten aldeko botoarekin -"era batera edo bestera esan, ni alde nago"- eta EAJren abstentzioarekin.

Hau da, osorik, onartutako mozioaren testua:

"Giza-eskubideen ikuspuntutik egoera gordina ari gara bizitzen. Azken asteetan, Josu Uribetxeberria presoaren osasun egoera atzeraezina izan dugu mahai gainean. Legea beteaz, eta berandu bada ere, baldintzapeko askatasun egoeran geratu da preso arrasatearra. Hala ere, badira oraindik oso gaixorik eta kartzelan jarraitzen duten presoak. Hamahiru herritar hain zuzen ere. Egoera hau, beren egoera fisikoa eta beren senitartekoen ezinegona okertu eta areagotzea ari da eragiten. Pertsona gisa eta preso gisa zor zaizkien eskubideak ukatuz.

Hamahiru preso gaixo hauek sufriten dituzten gaixotasunei behar bezalako jarraipena egitea bateraezina da espetxean egotearekin, honako arrazoi hauengatik: espetxeak ezin duelako eskaini tratamendu bereziturik; gaixotasun hauek arreta zorrotza behar dutelako; kartzelan egonik, balizko larrialdi baten aurrean erantzunik emateko gaitasun ezagatik; Josu Uribetxeberriaren kasuan, argudio guzti hauek dagoeneko Madrilgo Barne Ministeritzatik ere berretsi dira.

Josu Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren ondoren, beste hamahiru dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak eta aipatutako argudio berdinak kontutan izanik, kaleratu behar direnak. Hamalau preso eta beraien senitartekoak zigor gehigarria ari dira nozitzen. Preso hauei baldintzapeko askatasuna ukatuz, giza-eskubideen oinarrizko zutabeak urratzen ari dira Madrilgo arduradun politikoak.

Nazioarte zein estatu espainiarreko araudi, zuzenbidearen printzipio eta giza-eskubideen aldeko aldarrikapenak, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona presoen eskubideak errespetatzeko beharra adierazten dute. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona horiek, beharrezkoa duten tratamendua eta zaintza medikua behar bezalako baldintzetan jasotzea, oinarrizko eskubidea delarik.

Hau guztia kontuan harturik, honako puntu hauek aurkezten ditugu Osoko Udal Batzarrera, bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:

  1. Udal honek, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du. Era berean, indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginez, urrats errealak emateko deia egiten dio Madrilgo Gobernuari.
  2. Udal honek, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du. Beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan.
  3. Erabaki honen berri, Madrilgo Barne Ministeritza eta Kartzela Zaintzako epaileari bideratzea".