Euskal Kopan bitik bi partida irabazi ditu Iraurgik

Uztarria.eus 2012ko ira. 25a, 13:02
Iraurgi eta Santurtziren arteko partidako une bat.

Ostiralean Goierri taldearen kontra 66 eta 83 irabazi zuen Urretxun. Igandean jokatu zuten Caminosen mutilek Euskal Kopako bigarren partida, eta 63 eta 59 nagusitu zen Iraurgi.

Joan den ostiralean eman zion hasiera Lan Mobel Iraurgik Euskal Kopari. Urretxun jokatu zuen lehen partida Goierriren aurka eta neurketa kaxkarra jokatu arren garaipena lortu zuen, 66 eta 83 emaitzarekin. Taldearen indarra eta kalitatea erabakigarria izan zen eta, batez ere, Iurgi Caminosen mutilek zona barruan erakutsitako nagusitasuna. Beñat Barberena eta Lance Kearse erraz nagusitu ziren eta aipatu beharra dago Ibon Guridik 17 punturekin egindako lana.

Igandean, hilak 23, Euskal Kopako bigarren jardunaldia jokatu zuten Caminosen mutilek eta Santurtzi taldea hartu zuten Azpeitian. Azken aldiz duela bi denboraldi jokatu zuten elkarren kontra bi taldeok, orduan bizkaitarrak Zilarrezko Leb ligan zeuden-eta.

Igandeko partidan lanak eman zizkion Jorge Elorduyk zuzentzen duen taldeak Iraurgiri, eta EBA ligan goiko postuetan ibiltzeko hautagai izan daitezke ezkerraldekoak. Iraurgi, berriz, hotz xamar atera zen kantxara. Falta asko egin zituzten lehen minutuetan eta ezin izan zuten erritmo egokia hartu. Hala ere, bi hiruko jarraian sartuta aurretik jarri ziren Caminosenak eta momentu oro lortu zuten 2 eta 4 puntuko aldeari eustea. Izan ere, beste behin barruko joko oso indartsua daukala erakutsi zuen etxeko taldeak eta Pantín eta Barberena nagusi izan ziren erreboteak hartzen. Hala ere, bizkaitarrek puntu batera jartzea lortu zuten azken segundoan sartutako saskiratze bati esker. Lehen laurdenaren amaieran, Iraurgi aurretik zen 17 eta 16.

Erasoan ez zituen arazo larregi Iurgi Caminosen taldeak. Ibon Guridik talde honetan pisua har dezakeela erakutsi zuen defentsa lanarekin eta korrikaldiekin. Baina, arazorik ez zen sortu errebotean oso nagusi zelako etxeko taldea. 14 erasoko errebote lortu zituzten atsedenaldirako. Hala ere, aldea zabaltzen joan ziren gutxinaka-gutxinaka, 2 eta 4 puntu izatetik 6 eta 8 izatera pasa ziren. Izan ere,  Antonio Pantínek berdin jarraitzen zuen, erreboteak batuz,  taula azpiko jokoaren jabe egiten. Hori bai, faltekin arazoak izaten jarraitzen zuen ISBk. Kearsek hiru zituen hamabigarren minuturako; Lasak bi eta bostekoan ohikoak diren bi jokalari gabe jokatu behar izan zituen minutu asko Iraurgik. Ezin partidua puskatuta zebilen etxeko taldea eta hori arriskutsua bihurtzen da askotan. Atsedenaldira 31 eta 25 aurretik iritsi zen Iraurgi.

Hirugarren laurdena oso modu politean hasi zuen Iraurgik Joseba Ibargutxi eta Lance Kearsek egindako alley-hooparekin, baina arazoek bere horretan jarraitzen zuten. Defentsan bigun xamar zebiltzan eta horrek faltak errazegi etea eragiten du. Horretaz gain, bizkaitarrek jakin zuten saskira bidea aurkitzen eta beldurra sartzen. Kearsek, gainera, laugarren falta egin zuen 25. minuturako eta denbora asko pasa behar izan zuen aukian. Defentsan pixka bat estutu zuten Caminosenek, baina erasoan asmatu ez. 28. minutuan 41nako berdinketa zen markagailuan. Etxekoen ahaleginak Iraurgiko jokalari ohi batek zapuztu zituen, Marcos Casadok bost puntu jarraian lortu baitzituen eta 46na amaitu zen hirugarren laurdena.

Barberenaren 2+1eko batek eta Lasaren hiruko batek aldea zabaltzea ahalbidetu zuten, baina partidua estu zihoan. Gogortu egin zen neurketa, kolpeak eta liskar txikiak barra-barra ikusi ziren kantxan eta hor azaldu zuen lehen aldiz Iraurgik partiduan nagusitu ahal izateko kalitate nahikoa. Lasa puntuak biltzen hasi zen eta Kearsek ere birrintze batzuk egin ahal izan zituen. Aldea handitzen joan zen eta azkenerako garaipena, Euskal Kopako bigarren garaipena, lortu zuen Iraurgik; hori bai, majo sufrituta. Azkenean, lau punturen aldearekin, 63 eta 59 irabazi zuen partida Iraurgik.