Hainbat mobilizazio izango da bihar

Uztarria.eus 2012ko ira. 25a, 12:24
Azpeitiko ELAko kideek kotxe karabana egin dute goizean, biharko grebarako deia egiteko.

Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan erabakitako murrizketen, erreformen, pribatizazioen, zerga igoeren, soldata jaitsieren eta lan baldintzen okertzearen aurrean greba orokorrera deitu dute ehundaka eragilek eta euskal gehiengo sindikalak biharko. Uztarria Komunikazio Taldeak grebarekin bat egin du, eta bihar edizio digitala ez da martxan izango.

Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan erabakitako murrizketen, erreformen, pribatizazioen, zerga igoeren, soldata jaitsieren eta lan baldintzen okertzearen aurrean greba orokorrera deitu dute ehundaka eragilek eta euskal gehiengo sindikalak biharko.

Azpeitiko greba batzordearen iritziz, "gizabanako guztion inplikazioa eta borroka behar-beharrezkoak direla uste dugu. Sindikatuen lana ezinbestekoa izan arren, herritar guztion eginbeharra da geure eskubideak babestea. Gainera, azken hilabeteetan egin dituzten murrizketa eta erreformak "ezin" direla onartu esan dute: "Gutxi batzuren mesedetan, gainontzeko herritarren eskubideak zanpatu eta urteetan izerdi eta odolez lortutakoa, hilabete gutxiren burruan suntsitzea ezin da onartu".

Azpeitiko zerbitzu publikoetan jarraipen zabala izango du lanuzteak. Azpeitiko udal langileek greba egitea erabaki dute. Azpeitiko udalbatzak atzo, astelehena, erabaki zuen ezohiko bilkuran Udalak erakunde moduan grebarekin bat egingo duela.

Irakaskuntza arloan ere ia erabateko jarraipena izango du biharko grebak. Ikastetxe gehienek gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte, baina ez dituzte eskolak egunero bezala emango. Urola Ikastolan, esaterako, irakasle bakoitzak erabakiko du grebarekin bat egingo duen ala ez; beraz, egun horretan biltzen diren ikasle eta irakasle kopuruaren arabera antolatuko dute eguna. Badira oraindik zer egin erabaki ez dutenak ere, Azpeitiko Ikasberri Ikastolan, esaterako, oraindik ez dute erabakia hartu eta gaur dira irakasleen batzarra egitekoak.

Uztarriak grebarekin bat

Uztarria Komunikazio Taldeko langileek bihar, hilak 26, lanuztea egingo dute. Beraz, bihar ez da edizio digitalik izango eta, beraz, webgune hau geldirik egongo da. 

Dena den, bihar, jarraipen berezia egingo diote grebari Urola Kostako Hitza-ko langileek. Goizean goizetik grebak herri bakoitzean duen eragina jasoko dute www.urolakosta.hitza.info webgunean. Egunkariko webgunean biharko lanuztearen inguruko albistean soilik argitaratuko dira. Hitza-ko langileek gaur, asteartea, egin dute lanuztea.

Irailaren 26ko greba, protesten egitaraua:

Gaurtik, asteartea, akanpada egingo dute, plazan.

07:00etan, kotxe karabana, kiroldegitik hasita.

09:15ean, manifestazioa plazatik abiatuta.

12:00etan, manifestazioa Donostian.

16:00etatik 18:00etara, kafe-tertulia, plazan.

18:00etan, manifestazioa plazatik hasita.