Datozen egunetan hasiko dute ikasturtea herriko ikastetxeek

Uztarria.eus 2012ko ira. 5a, 12:24

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak bihar, osteguna, hasiko dute ikasturtea. Karmelo Etxegarai Ikastolako ikasleek ostiralean ekingo diote ikasturte berriari, eta Urola Ikastolakoek bihar, osteguna. Iraurgi Ikastetxeko haur eta gazteak ostiralean hasiko dira martxan.

Bihar edo etzi hasiko dute ikasturtea herriko ikastetxeek, eta guztia prest dute ikasturte berrirako. Bihar, osteguna, hasiko dira martxan Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak. DBH eta Batxilergoko ikasleek 08:30ean emango diote hasiera ikasturteari, eta gainontzekoek 09:30ean.

Karmelo Etxegarai Ikastolako ikasleek ostiralean, hilak 7, 09:00etan hasiko dute 2012-2013 ikasturtea. Haur Hezkuntzako ikasleak Euskal Herria kaleko eraikinean izango dira, eta Lehen Hezkuntzakoak, berriz, Perdillegi kalekoan.

Urola Ikastolako ikasleek ere bihar, osteguna, hasiko dute ikasturte berria. 09:30ean batxilergoko ikasleen aurkezpena izango da, eta 10:00ean, DBHkoena. Erabilera anitzeko gelan izango da DBH 1. mailako ikasleen harrera, eta Urola Ikastolako arduradunek jakinarazi dutenez, ikasleek idazkaritzara gerturatu beharko dute, han tutoreekin elkartzeko.

Irailaren 7tik 21era bitartean jardun jarraia egingo dute, eta gero hasiko dira ohiko ordutegiarekin. Jangela zerbitzua irailaren 24an, astelehena, jarriko dute abian, eta DBHko ikasleek autobus zerbitzua izango dute ohiko ordutegiarekin.

Iraurgi Ikastetxean ostiralean hasiko dute haur eta gazteek ikasturtea. DBH eta Batxilergoko ikasleek aurkezpena izango dute: 10:00etan DBH 1. mailakoek, 2. eta 3. mailakoek 10:30ean, eta DBH 4koek 11:00etan. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleek 09:00etan emango diote hasiera ikasturteari.