Festetan eraso sexisten aurrean "antolatu eta erantzutera" deitu du Haujijijai Batzordeak

Uztarria.eus | Gizartea
2012ko uzt. 27a, 18:01

Erasoak identifikatu eta erasotutako emakumeei laguntza emateko neurriak landu dituzte Udalarekin, tabernariekin eta txosnagunerako. "Festa parekideak nahi ditugu, eta hor ez dute tarterik erasotzaileek", diote.

Haujijijaiko kideak, eraso sexisten kontrako pankartarekin.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Saninazioetan festaz gozatzeko deia egin dute behin eta berriro Haujijijai Batzordetik azken egunotan. Baina, festetan denek gozatzeko aukera bera izan dezaten, "erasotzaileak ez direla ongi etorriak" ere gogoratu nahi dute.

Haujijijaiko kideek diote jarrera eta eraso sexistak festetan sarri "indarturik" ikus daitezkeela: "Nork ez du ikusi edo sentitu, tabernan sartu orduko atzetik datorren babosoa? 'Nahi gabe' ipurdia ukitzea? Hainbat esaldi edo txiste iraingarri entzun beharra? Kasu hauetan, festak gozatzeko dugun eskubidea zapaltzen da behin eta berriz. Baina ezin ahaztu egun hauetan zehar ere, isilean eman daitezkeen bortxaketa eta jipoiak".

Horrelakoei aurre egiteko, hain zuzen ere, "lanketa bat" egin dute festen aurretik hainbat eragilerekin. Erasoak identifikatu eta erasotutako emakumeei laguntza emateko neurriak landu dituzte Udalarekin, tabernariekin eta txosnagunerako; kasu larririk emango balitz Haujijijaitik eman beharreko erantzuna nola bideratu ere aurreikusi dute. "Festa parekideak nahi ditugu, eta hor ez dute tarterik erasotzaileek", diote.

Gune beltzak koloreztatzera

Festetan gertatu daitezkeen erasoekin lotuta bihar, uztailaren 28a, "gune beltzen koloreztatzea" izeneko ekimena egingo dute. Goizeko 11:00etan hasiko da, plazatik abiatuta, eta Txitximore protagonista dela.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu