Ai laket!!: "Iaz substantzia bizigarri asko aztertu genuen Azpeitian, eta atentzioa eman zigun"

Uztarria.eus 2012ko uzt. 27a, 14:01

Ai laket!! elkarteko kideak festaz festa dabiltza legez kanpoko drogen kontsumoarekin lotutako arriskuen murrizketarako programarekin. Azpeitian jarriko dute postua hilaren 31n, 00:00etatik 03:00etara bitartean, txosnagunean. Uztarria.com-ek elkartekoekin hitz egin du.

Ai laket!! irabazi asmorik gabeko elkartea 1998an sortu zuten "legez kanpoko drogen erabiltzaileek eta erabiltzaile ohiek". Harrezkero, herriz herri eta festaz festa dabiltza legez kanpoko drogen kontsumoarekin lotutako arriskuen murrizketarako programarekin. Hala, testak eta analisiak egiten dituzte festaguneetan. Uztarria.com-ek Ai laket!! elkarteko kideekin hitz egin du, saninazioetan, hilaren 31n, postua jarriko dute-eta txosnagunean, 00:00etatik 03:00etara bitartean.

Zer egiten du, zehazki, Ai laket!! elkarteak festetan?

Argi daukagu debekuan oinarritutako politikek, ez dutela eraginkortasunik. Substantzia horiei lotutako arazoak txikitu beharrean areagotzen laguntzen dute-eta. Egoera horren aurrean, substantzia psikoaktiboekin bizitzen ikastearen aldeko apustua egiten du Ai laket!! elkarteak; erantzukizunez kontsumitzeari eta kontsumitzeak dakartzan arriskuen autogestioari dagokionez, hain zuzen.

Uste dugu drogak kontsumitu ala ez erabakitzea norberaren esku dagoela, eta erabaki hori pertsona helduek hartu beharrekoa dela, modu askean eta informazioan oinarrituta. Gure helburua ez da erabaki horretan eragitea, baizik informazio zehatza, praktikoa eta sinesgarria ematea. Hala, kontsumoa hausnarketaren ondorio izan dadin.

Festetan Testing programarekin gabiltza. Festaguneetan droga ilegalen kontsumoarekin lotutako arriskuen programarekin, alegia. Drogen testak eta analisiak egiten ditugu, modu orokor zein pertsonalizatuan, eta drogen erabileran interesa duen edozeini dago zuzenduta.

Jendeak parte hartzen al du programan?

Bai, noski. Informazio bila edo zer egiten dugun ikustera gerturatzen da jendea. Kondoiak edo erabilera bakarreko alkoholimetroak eskuratzera, bestela. Gainera, droga legalen inguruko informazio dezente dugunez, jendeak zalantzak argitzeko aukera izaten du. Normalean, oso positiboa da jendearen erantzuna.

Zer da, oro har, gehien kontsumitzen den substantzia?

Alkohola. Bada zenbait substantzia nahasten dituen jendea ere. Edari energetikoak alkoholarekin esaterako, eta hori da substantzia bizigarri bat depresore batekin nahastea. Droga ilegalizatuei dagokionez, Euskal Herrian gehien kannabisa kontsumitzen da eta tabakoarekin nahasten dute askok eta askok. 

Bestalde, ohikoak dira anfetaminak, kokaina edo MDMA bezalakoak ere. Batzutan, ketamina ere agertu izan da, edo heroina zein aluzinagarriak ere bai, baina gainontzeko substantziekin konparatuz gero, kontsumoaren ehunekoa oso txikia da.

Zein adin tartetako jendeak hartzen du parte programan, normalean?

Batez besteko adina hogei urtekoa da, baina drogen analisiak egiteko eskatzen dutenen batez bestekoa 25 urtera igotzen da.

Iaz ere izan zineten Azpeitian. Jendeak hartu al zuen parte?

Iaz ere saninazio lehenengoan izan ginen Azpeitian. Ehun bat lagun bertaratu ziren jarri genuen postura. Lekua, agian, ez zen egokiena jende asko hartzeko. Hala ere, 21 lagun sartu ziren laborategira hamaika substantzia aztertzeko. Beraz, gerturatutakoen ia laurdenak erabili zuen laborategi zerbitzua.

Atentzioa eman ziguna da substantzia bizigarri asko analizatu genuela. Orokorrean, lehen esan dugun moduan, testak kannabisaren ingurukoak izaten dira. Azpeitian ere hala izan zen; aztertu genituen substantzien % 67a kannabisa izan zen. Kokaina lagin bat eta anfetaminaren hiru egin genituen kannabisarenaz gain.

Azpeitian kontsumo maila handia al da?

Azpeitian, Euskal Herriko beste hainbat herritar gertatzen den gisan, kannabisa asko kontsumitzen da. Euskal Herria kannabis kontsumoari dagokionez, aurrenetakoa da Europan. Hori dela-eta, asko dago egiteko. 

Aurten zenbatgarren aldiz izango zarete herrian?

Aurtengoa hirugarren urtea izango dugu, eta gustatuko litzaiguke horrelaxe jarraitzea urtez urte. Eskertu nahi diegu Azpeitiko udaletxeko langileei, bereziki Gizarte Zerbitzuetako teknikariei, eta Festa Batzordeari aurten esfortzua egin dute-eta drogen prebentziorako informazio eta analisi zerbitzua txosnagunean izateko.