Alaitz Lizarralde: "Festetako uneak argazkietan jasotzea dut gustukoena"

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 26a, 19:24
Iaz Azpeitiko inauterietako sokamuturrean ateratakoa da irudia, herriko plazan. Sokamuturraren argazki lehiaketan hirugarren saria jaso zuen.

Argazkietan herriko festetako uneak jasotzea du gustuko Alaitz Lizarraldek, jaietako giroa eta jendearen umorea eta keinuak harrapatzea, alegia. Umea zenetik, argazki kamera eskuetan izatea gustatu izan zaio, eta pixkana ikasten ari dela dio azpeitiarrak.

Azpeitiko argazkilariek sokamuturreko uneak harrapatzea gustuko dute. Txoko honetan den bigarren azpeitiarra da Alaitz Lizarralde, eta honek ere, lehenenak bezala, berak ateratako argazki bat aukeratzerakoan, sokamuturrekoa hautatu du.

Gustukoena duzun argazkia eskatu, eta hau aukeratu duzu. Zergatik?

Argazkia 2011ko inauterietako sokamuturrean ateratakoa da. Ezusteko momentu bat izan zen. Atera, eta ez nekien benetan momentua harrapatu nuen edo ez; amona ondoan zuen haurraren ezpata hartu, eta zezenari zuzentzen ari zaio eta. Momentua izan zen, justu orduantxe gertatu zena. Horrez gain, lehiaketa batera aurkeztu nintzen lehen aldia zen, eta argazki honekin egin nuen. Hirugarren saria eskuratu nuen. Horrek aurrera segitzeko animoak ematen ditu. Eta horrexegatik aukeratu dut argazkia.

Beraz, zezen aurrean argazki kamerarekin ibiltzera ausartzen al zara?

Beno, hori plazako eskaileretatik atera nuen. Halaxe ibiltzen naiz, eskailerak gora eta behera, zezena nondik nora dabilen kontrolatzen.

Gainontzean, herriko festetan argazkiak ateratzen al dituzu?

Bai, bai. Azpeitiko Argazki Elkartean nabil, eta herriko jaietako eta festa giroko argazkiak ateratzen ditut; gustukoa dut, gainera. Saninazioetako zezenketak ez zaizkit gustatzen, eta ez naiz joaten, baina gainontzean, beste ekitaldietan argazkiak ateratzen ditut. Festetan, jendearen espresioak eta irteerak kamerarekin harrapatzea gustatzen zait. Ezustekoak eta momentuak ateratzea dut gustuko.

Nolatan harrapatu zintuen argazkilaritzak?

Argazkiak ateratzea txiki-txikitatik gustatu zait, beti atsegin izan dut kamera eskuan izatea. 22 urterekin oparitu zidaten argazki kamera bat, eta orain dela sei-zazpi urte neuk kamera digital konpakto bat erosi nuen. Gero, berriz, orain bi urte inguru, beti kamerarekin ibiltzen nintzela-eta koadrilako batek Azpeitiko Argazki Elkartean izena ematera animatu ninduen. Elkartean oso jende jatorra dago, beti erakusteko prest dagoena. Orduan, neure kamera erosi nuen, eta pixkanaka ikasten ari naiz.

Azpeitiko Argazki Elkarteak argazki rallyak ere antolatzen ditu. Parte hartzen al duzu?

Ez, ez, horixe bakarrik falta zait probatzeko. Arantza hori kentzeko daukat. Jendeak animatzen nau, baina oraindik ez naiz ausartu. Errespetu handia ematen du, eta horretarako beste ekipazio bat beharko nuke: tripodea, filtroak... Objetiboak-eta osatzen ari naiz. Rallyetan parte hartzeko gogoa dut, eta ea hurrengo urtean pauso hori ematen dudan.

Kamera gainean eramateko ohiturarik ba al duzu?

Festetan beti izaten dut gainean, eta koadrilan-eta nonbaitera joaten garenean beti eramaten dut; txikia, behintzat, bai. Azkenean, milaka argazki pilatzen ditugu baina.

Elkarteko kideon argazkiekin erakusketak ere egiten dituzue.

Bai, hala da. Eta orain, gainera, Betharramen argazki erakusketak egiteko oso toki polita jarri digute. Lekuari zukua atera beharko diogu. Horrez gain, Baigeran eta Mendizaletan elkarteko kideon argazkiekin erakusketak ere egiten ditugu.

Gairen bat lantzeko asmorik ba al daukazu buruan?

Ez, ez, ni momentuko argazkien bila ibiltzen naiz. Kamera eskuan eduki, eta aurrean sortzen den hari ateratzen diot. Aurretik pentsatuta ez dut izaten. Uneak harrapatzea gustatzen zait, bai haurren kasuan edota festetan.

Herriko zein festa dituzu gustukoen?

Inauteriak gustukoak ditut, jendea umorez ibiltzen da eta orduan jendeari ez zaio inporta argazkiak ateratzea. Saninazioak ere politak dira argazkilariontzat, giro polita egoten da eta.

Gertutik

  • Azpeitian jaioa, 1973ko irailaren 26an.
  • Web orrien diseinatzailea da lanbidez.
  • Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea da.
  • 2011ko Inauterietako Sokamuturra Argazki Lehiaketan hirugarren saria irabazi zuen.
  • www.azpeitikojaiak.com