Opor hotsa

Jose Luis Otamendi 2012ko uzt. 23a, 15:04

“…Opor-otsa dok txaide zabalan…”, hitzekin adierazi zuen Lauaxetak Bizkaiko meatzarien greba giroa, Langile eraildu bati 1935eko poema ospetsuan. Alegia, huelga zarata kalerik kale, erruz zebilela bazterretan esan nahiko zuen, jakina. Bere garaiko moldean esanda, baina giro baten testigantza garbia utziz. Beste horrenbeste esateko tamaina antzean gara bolada honetan hemen.

Izan ere, azken asteotan ari gara greba hotsez eta lan-uzteen eraginez zerbait ikasten Azpeitia alde honetan tamalez. Ekaina erdiaz gero, Corrugados Azpeitia enpresaren zuzendaritzak daraman kaleratze politika gordinari aurpegi eman asmoz, 300dik gora langile greba mugagabean murgildurik dabil, ia-ia egunero han eta hemen protestak eta ekintzak burutu eta euren borrokaren aldarria eginez, gurean aspaldi ikusia ez zen indarra eta kemenarekin.

 

Badakigu hau ez dena gure inguruko lehenbiziko greba gogorra, eta seguru asko ez da azkena izango, baina bizi dugun garaia eta Urolako bailara bera luzerako marka dezaketen borroketako bat izango dela seguru samar nago ni. Gabon bueltako 100 kaleratze haiei gehitu zaizkie orain beste 60, eta ondoren auskalo zer etorriko den, eta beti langileen hitza hankapean hartu nahirik eta negoziazio arrastorik gabe. Latza behar du lanari eustearren, muga jakinik gabe lana egiteari uzte horrek. Lanagatik eta lotsagatik, duintasunagatik.

 

Gaur egungo Corrugados hori, Marcial Ucin SA izana da hamarkada askotan, Azpeitiko industriaren ikur nabarmena, eta herri honen eta beste etxe askotako ongi izate mailaren zutabeetako bat. Martxialenekoa oso gure bailarako ereduari lotu izan zaion enpresa izan da urte luzez: nagusien esanekoa, isilean lana eta lana egin izan duena beste inora begiratu gabe, inguruko gatazka eta gorabeherenganako sentiberatasun gutxi erakutsi izango zuena garai batean, baina denborarekin, langileen perfila eta herriaren soziologia ere aldatzen joan den heinean, jendartean eman diren mudantzak beretzen jakin izan duena gaur gaudenera iritsi arte, hots, langileon borrokaren aitzindari izatea bailara mailan.

 

Bistan da eskualde honetan asko jokatzen dela Corrugadosen auziarekin. Langile jendeak borroka hau galtzeak edo irabazteak, ez digu soilik herriko enpresa baten etorkizuna eta langile mordo batena dantzan jarriko, baizik eta hurrena iritsiko diren borroka askoren bidea nondik joan daitekeen ere erakutsiko du oker handirik gabe.

 

Borroka egitea bera, bat egin eta ez makurtzeko indarra bilatzea, elkartasun bideak lantzea da estrategikoa eta nahitaezkoa hemen. Oraingo pelea hauetan gerokoak jartzen ari gara jokoan, gure industria eta lan harremanen eredua, eta, noski, iraganeko langileen borrokak ere badaude auzitan: hainbeste urteko tximinietako keak, langileen gaixotasunak, istripuak… Non dago gordea urteotan guztiotan Martxialenean elbarritu edo hil diren langileen izena eta memoria egun, borroka bikain honetan ez bada?

 

Jende askori opor garai maxkala helduko zaio orain, baina irailetik aurrera, eta aurrerago, izan Corrugadoseko edo izan beste zenbait enpresetako hainbat eta hainbat soldatapekok, beste lan bat bilatzea beste lanik ez du izango segurua. Azkenerako gure etxea mundu txiki bat da, eta hemen asmatzen denak hemendik kanporako ere balioko du, eta hemen galtzen dena denerako da galera…

 

Krisiaren gurpil zoroak gaur batzuk harrapatuko ditu, bihar beste batzuk, eta hurrena beste asko… Herritar xeheon artean inor ez dela libre, hain zuzen! Hortik elkar hartzearen garrantzia, geureari begiratu eta interes hutsagatik nahi bada; jendetasuna eta hitz handiagoak alde batera utzita nahi bada.

 

Antonio Loinaz zenak idatzi zuelako dakigu, 1936ko uztailean, altzarigintzan ziharduten langileak grebara atera zirela Azpeitian eta, eskusoinu baten laguntzaz kalerik kale orduko manifestazio eran lauko hau edo abesten zutela:

 

Nausiak baino kulpa geio du

langile enbusteruak

besteren bidez jornalak jaso

poztutzen ditu diruak…

 

Lerrook gaurko ere bete-betean balio dutelakoan nago. Gerora, berehala sortu zen gerra, nonbait, eta aipatutako egun haietan gure kale hauetan soinua jotzen ibili zen Celestino Iturralde, “Txandramie”, gudari urrestildarra, Legutioko frontean hil zela gogoratzen du Loinazek.

 

Orain bizi garenok, asko uste ez badugu ere, lehengo borroketatik ere bagatoz, eta ondorengoei zeren testigantza, zeri begiratu, zertan eutsi eta zertan amore eman erakusten dieguna ere neurri handi samarrean gure esku dago.

 

Opor hotsa dabil kaleetan zabal… Oporrak eta jaiak gainean ditugu. Ondo pasa denok!

 

Jose Luis Otamendi