Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean eman beharreko pausoa

Uztarria.eus 2012ko uzt. 20a, 20:00
Ekitaldia aurkeztu zuen Estitxu Elduaien ezkerrean dutela, protokoloa landu eta sinatu duten erakundeetako ordezkariak.

Emakumeen kontrako indarkeriaren protokoloa aurkeztu du Azpeitiko Udalak, biktimei arreta ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana indartzeko asmoarekin sortu den tresna. Protokoloarekin bat egin duten erakundeetako ordezkariek sinadura bidez agertu zuten protokoloa betetzeko konpromisoa atzo, osteguna, Sanagustinen eginiko ekitaldian.

Azpeitiko Udaleko hiru sail (Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Parekidetasuna), Lanbide, Ertzaintza, Osakidetza eta herriko lau ikastetxeak (Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Urola Ikastola BHI, Iraurgi Ikastetxea eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri) dira emakumeen kontrako indarkeria kasuei aurre egiteko protokoloa landu eta sinatu duten erakundeak. Sanagustinen egindako aurkezpen eta sinadura ekitaldian nabarmendu zutenez, Azpeitiko Udala era honetako erraminta bat martxan jartzen aitzindarietako bat da, "eta hori ere zoriontzeko kontu bat da".

Leire Etxaniz Parekidetasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuen bezala, bide luzea egin dute elkarrekin, protokoloa tajutu eta osatu aurretik. Bi urte eta erdi dira protokoloa eratu nahian lanean hasi zirenetik eta Etxanizek "benetan azpimarratu nahi" izan du aipatutako erakundeek egin duten lana, "beraien parte-hartzea, ekarpenak eta inplikazioa. Zuogatik ez bazen izan, ez genukelako dokumentazio hau eskuetan izango".

Biktimei arreta ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana indartzeko asmoarekin sortu den tresna da emakumeen kontrako indarkeriaren protokoloa. Alde horretatik, "kajoian gordeta" edukitzeko dokumentu hutsa ezin dela izan nabarmendu zuen aurkezpenean Etxanizek, eta Udaletik "ahalik eta bitarteko gehienak jarriko" dituztela esan zuen. Horrez gain, duela lau urtetik hona herriko ikastetxeetan martxan duten Hezkidetza programaren bidez "sentsibilizazio eta kontzientziazio lana bultzatzen" jarraitu nahi du Udalak. "Eta, bestetik, bultzatu nahi dugu Bilgune Feministak antolatzen dituen konzentrazioetara jendea kalera irtetea, eraso horiek salatzera; garrantzia ematen diogulako horri", gaineratu zuen zinegotziak.

Eman pausoa

Eman pausoa da emakumeen kontrako indarkeriaren protokoloa aurkeztu eta gizarteratzeko aukeratu duten leloa.

Lelo hori ahotan erabili zuten protokoloan parte hartu duten erakundeetako ordezkariek beren sinadurak eman aurretik, bakoitzak esaldi bat bat botata. "Eman pausoa, konfidentzialtasun arreta izango duzulako eman pausoa!", esan zuen Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikari Edurne Zubiak; "eman pausoa laguntza eskatzeko", Jose Angel Aristi udaltzainburuak; "eman pausoa parekidetasunaren alde bidea egiteko", Udaleko Parekidetasun teknikari Edurne Aranbarrik; "eman pausoa laguntasun ekonomikoak eskatzeko", Mari Carmen Andreu Azpeitiko Lanbideren bulegoko arduradunak; "eman pausoa salaketa jartzeko", Azkoitiko Ertzainetxeko arduradun Gervasio Gabilondok; "eman dezagun pausoa emakumeok gure osasuna zainduz, okerreko maitasuna erakusten diguten gizonezkoengandik aldenduz", Osakidetzaren izenean sinatu zuen Maria Jesus Bernarasek, Azpeitiko anbulatorioko medikuak; "eman pausoa irakasleengan konfidantza izateko", Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendari Begoña Sarasuak; "denok berdinak eta inor ez bata bestea baino berdinago", esan zuen Urola BHIko zuzendari Alberto Izagirrek; "eman pausoa emakumeen duintasunaz jabetzeko", Iraurgi Ikastetxeko zuzendari Maje Agirrek; eta "eman pausoa lagunei kontatzeko", Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendari Beñat Azurmendik.

Txartelak

Ekitaldian, biktimen arreta lanetan lanik egin ez arren "protokoloaren alde sentsibilizazioan eta kontzientziazioan lana egin dutelako" eskerrak eman zizkieten Udalaren izenean Bilgune Feministari eta Emakumeen Mahaiari.

Protokoloa zuzen betetzeko "herritar guztiok geure alea jarri behar" dugula gogorarazi nahi du Azpeitiko Udalak. Hori errazteko, emakumeen kontrako biktimaren bat somatuz gero erabilgarriak diren telefono zenbakiekin txartel bat atera dute. Txartel hori saninazioetako festa-programarekin batera banatzen ari dira egunotan herriko etxe guztietara, eta herriko hainbat puntu esanguratsutan ere jarriko dituzte herritarren eskura.