Rikardo Arregi Kazetari Berria saria jaso du Miren Garatek

Uztarria.eus 2012ko uzt. 2a, 12:17

Zapatuan banatu zituzten Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, Andoaingo Bastero kulturgunean. Berria-ko Egitura ekonomia gehigarrian idatzitako bost artikulurengatik saritu dute. Alderdi ekonomikoa eta soziala uztarri berean jartzen asmatu duela nabarmendu du epaimahaiak. 

Zapatuan, ekainak 30, banatu zituzten Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, Andoaingo Bastero kulturuneanLau sari banatu zituen epaimahaiak, eta Miren Garate Berria-ko Ekonomia Saileko azpeitiar erredaktoreak jaso zuen Kazetari Berria ataleko saria. Lankideei eta etxekoei eskaini zien saria Garatek.

Berria-ko Egitura ekonomia gehigarrian idatzitako bost artikulurengatik saritu dute. Alderdi ekonomikoa eta soziala uztarri berean jartzen asmatu duela nabarmendu du epaimahaiak. "Gehienei lehorra gertatzen zaien gai bat samur, zehatz eta modu ulerterrazean azaltzen du. Estilo bizia eta idazkera erakargarria baliatzearen poderioz, gaia bera ere erakargarri bihurtzen du". Garatek idatzitako bi artikulu ikusteko egin klik hemen eta hemen.

Miren Garate Uztarria aldizkariko kolaboratzailea izan zen joan den urtera arte. Gainera, ekonomia gaiez aritzen diren bi kazetariren, Miren Garateren eta bere lankide Aitziber Arzallusen, erreportajea izango da irakurgai Uztarriaren hurrengo zenbakian.

Karlos Zurutuzak jaso du aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Nagusia. Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Beranduegi telebista saioarentzat izan da eta bi aipamen berezi izan zituen sarien 24. aldiak: apirilean emititzeari utzi zion ETBko Sautrela literatur saioak eta Gure Irratietako kazetari Mattin Larzabalek jaso zuten aitorpena.