Uztarriaren Pourrean izena emateko azken egunak

Uztarria.eus 2012ko eka. 28a, 20:02

Zapatuan, ekainaren 30ean, hasiko da Frantziako Tourra eta egun berean, 14:00etan, itxiko da apustuak egiteko aukera. Iosu Garatek, Tropela.net-eko kolaboratzaileak, aurtengoari buruzko pista batzuk eman ditu Uztarria.com-en.

Bi egun besterik ez dira falta 2012ko Frantziako Tourra hasteko eta, harekin batera, Uztarriaren XII. Pourra ere martxan jarriko da. Zapatuan, ekainaren 30ean, hasiko da lasterketa eta egun berean, 14:00etan, itxiko da apustuak egiteko aukera. Etxe-Zuri, Orkatz, Amaia, Erreka, ISB, Auntxa, Mendizabal, Lokotx eta Korrale tabernetan, Ziklos Beni, Aitzaki Kirolak eta Erreka Bike dendetan, eta Uztarrian bertan egin daitezke apustuak. Internet bidez ere jaitsi daiteke inskripzio orria.

Tourra hasi bezperetan, azken egunetan, egin ohi dira apustu gehienak, partaideen izenak ondo zehaztuta daudenean. Zalantzak argitu gabe dituztenentzat, berriz, Uztarriak Iosu Garaterekin hitz egin du, bere iritzia jakiteko. Azpeitiarra, txirrindularitza zaletua eta zikloturista izateaz gain, Tropela.net-eko kolaboratzailea da. "Tropela-k bi ardatz ditu: batetik, kinielekin-eta sortzen den saltsa hori; eta, bestetik, txirrindularitza, euskara eta teknologia uztartzea", azaltzen du Garatek. Tarteka artikuluak idazten ditu berak, eta orain dela bi urtetik hona pod-cast-ak grabatu ere bai, beste kolaboratzaile batzuekin solasean. "Gustura" dabilela dio.

Ibilbidea, faboritoak...

Aurtengo Tourraren hasierak Italian harrapatuko du Iosu Garate -Dolomitetan egiten den proba batean parte hartzekoa da zapatuan-, baina Frantziako lasterketaren ingurukoak ez dauzka alde batera utzita. Tourraren ibilbidean aurten "aldaketa nabarmena" egin dutela azpimarratzen du, lehendabizi. "Azken urteetan, batik bat igotzaileentzat egokitutako ibilbideak prestatu izan dituzte, mendi askorekin eta horko ikuskizunaren bila. Aurten, berriz, Indurainen garaietako ibilbideetara bueltatu direla esango nuke, banakako bi erlojupeko luzerekin".

Tourra irabazteko faboritoez galdetuta, gehienen ahotan dabiltzanak aipatzen ditu "faborito nagusi" bezala, Bradley Wiggins eta Cadel Evans. "Evans iazko irabazlea da, eta Wiggins, berriz, oso denboraldi ona ari da egiten eta, gainera, talde indartsua dauka". Sailkapen nagusirako lehia horretan "muturra sartzen" ahaleginduko direnen artean Samuel Sanchez, Denis Mentxov eta Vincenzo Nibaliren izenak ematen ditu eta, hirugarren multzo batean, Ryder Hesjedal, Jurgen Van den Broeck edota Alejandro Valverderenak. Euskaldunak ez ditu ahaztu nahi Garatek; Haimar Zubeldia ikusten du sailkapen orokorrean lanik txukunena egiteko gai, eta Mikel Astarloza, Gorka Izagirre edo Amets Txurruka ere ondo ibili daitezkeela uste du.

Uztarriaren Pourrean apustuak osatzerakoan esprinterrak ere garrantzitsuak izaten direnaren jakitun -"puntuak egunero banatzen dituzuenez, horrelakoak sartzea komeni izaten da"-, bi izen nabarmentzen ditu: "Aurrena Peter Sagan esango nuke. Gaztea da, 22 urte ditu, baina azken bi denboraldietan garaipen asko lortu ditu eta, gainera, aurten koska bat gora egin duela esango nuke. Gero, nola ez, Mark Cavendish". Andre Greipel eta Mathew Goss ere esprinetan kontuan hartzeko modukoak ikusten ditu Iosu Garatek.

Apustuetarako ziklista "interesgarriak" izan daitezke, era berean, Tony Martin eta Fabian Cancellara. Ezustean edo erdi-ezustean emaitza onak lortzen dituztenak ere urtero agertzen direnez, azkenik, Jerome Coppel, Pierre Roland, Sylvain Chavanel eta Simon Gerransen izenak ere bota ditu Tropela.net-eko azpeitiar kolaboratzaileak.