Futbol klubaren ingurukoen harremana sendotzea da Lagun Onak Egunaren xedea

Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 27a, 12:25
Lagun Onak-en egunaren aurkezpena herenegun, Garmendipen. (Nerea Uranga)

Partidez eta jolasez gozatzeaz gain, Realeko jokalariei sinadura eskatzeko aukera egongo da zapatuan.

Denboraldi bukaera herritarrekin batera ospatuko du aurten Lagun Onak futbol klubak. "Aurreko urteetan, Kiruri jatetxean afalduz ospatzen genuen denboraldi bukaera, baina aurten formatuz aldatu eta larunbaterako Lagun Onak Eguna antolatu dugu", diote futbol klubekoek.

Larunbaterako antolatutako egun osoko jaialdiaren helburu nagusia Lagun Onak-eko kideek, kluba gertu sentitzen dutenekin batera denboraldi bukaera ospatzeada. Hala, Lagun Onak Eguna Bihotzean daramagu lelo hartuta antolatu dute. "Era berean, denon arteko harremanak estutu eta sendotzea dugu helburua", gaineratu dute.

Futbol klubaren ingurukoak biltzeaz gain, "diru pixka bat" biltzea ere nahi dute, "gure finantza egoera hobetzeko asmoarekin". Horretarako, larunbatean kirol klubaren arropak salgai jarriko dituzte, tonbola jarriko dute eta baita bazkide berriak egiteko mahaia ere. Lau bazkidetza mota ditu Lagun Onak-ek: Orokorra, Tribunarekin, Ohorezkoa eta erretiratuena edota 25 urte artekoena.

Bazkarirako txartelak

Garmendipe futbol zelaian eta herrian egun guztian zehar hainbat ekitaldi izango da. Denboraldi bukaerako bazkaria azoka plazan egingo dute eta bazkarirako txartelak gaurtik, asteazkena, ostiralera bitartean, 18:30etik 20:00etara, Garmendipen jarriko dituzte saltzen: 14 urte artekoentzat 8 eurotan eta gainontzekoentzat 12 eurotan.

Hemen egitaraua osorik:

09:00etan, futbol partidak, Garmendipen. Teknifikazio eskolako neska-mutilenak, 10:15ak bitartean. 11:15ean, alebinak: Lagun Onak-Anaitasuna;eta, Gaztetxeko torneoko finaleko
errebantxa. 12:30ean, beteranoak: Lagun Onak-Eibar.

10:00etan,Txupinazoa, Garmendipen. Azpeitiko alkateak eta Lagun Onak futbol klubeko lehendakariarekin.

11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Haurrentzako parkea, Atracciones Sanz-en eskutik. Egun guztirako txartelak bost euro balioko ditu.Ohe elastikoak, puzgarriak, motorrak...

11:30ean, Realeko jokalariekin argazkia eta autografoak. Garmendipen.

13:30ean, Lagun Onak osatzen duten guztien argazki orokorra.

15:00etan, Lagun Onak-en eguneko bazkaria, azoka plazan.

16:30ean, azken denboraldiko jokalari onenei garaikurra ematea.

17:00etan, futbolarekin lotutako jolasak, herriko plazan.

18:30ean, kalejira.

23:00etan, Jare eta Larregi musika taldeen kontzertua, herriko plazan.