Itxiera patronala iragarri die Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak langileei

Uztarria.eus 2012ko eka. 26a, 20:47
Corrugados Azpeitiako 200 bat langile elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiko atarian.

Asteazkenetik aurrera ezarriko dute neurria, sindikatuek jakinarazi dutenez. Gaur, asteartea, Gasteizen egin dute protesta langileek, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, azken LET-a onartu zenean Jaurlaritzak Gallardo Taldeari eman zion bost milioi euroko diru-laguntza salatzeko. 

Corrugados Azpeitiak itxiera patronala ezarriko du asteazkenetik aurrera. Horrela iragarri zien zuzendaritzak langileei atzo, astelehena, Enpresa Batzordearekin egindako bileran, LAB eta ELA sindikatuek gaur jakinarazi dutenez. Langileak greba mugagabean daude, enpresak beste 60 kaleratze eta murrizketa gehiago iragarri ostean.

Gaur, asteartea, Gasteizen egin dute protesta langileek, Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Gezurretan jardun duzue. Etorkizuna argitu lelopean egin duten elkarretaratzean, LAB eta ELA sindikatuek osatzen duten Enpresa Batzordearen gehiengoak zuzendaritzaren jarrera salatu du, aipatutako iragarpenaz gain atzoko bileran "inongo proposamenik ez" zuelako egin. Langileen ustez, zuzendaritzak "ez du konponbide batera iristeko inongo asmorik" eta atzoko bilera "aurpegia zuritzeko besterik" ez zen izan. Enpresaren zuzendaritzari ez ezik, ADEGIri ere luzatu diote kritika langileen ordezkariek. Enpresaren ordezkarien ordez ADEGIko Juan Ramon Apetzetxea izan zen atzoko bileran, langileek azaldu dutenez. "Enpresa Batzordeak ADEGIren papera salatu eta garbi utzi nahi du, halako jarrera eta mehatxuek ez dutela langileak beldurtzeko helbururik lortuko", esan dute.

"Zertan gastatu da diru-laguntza?"

Gaur Lakuan elkarretaratzea egitearen arrazoia, berriz, Eusko Jaurlaritzaren jokabidea salatzea izan da. Azken LET-a (Lana Erregulatzeko Txostena) onartu zenean Jaurlaritzak Gallardo Taldeari bost milioi euroko diru-laguntza eman ziola gogorarazi eta salatu nahi izan dute langileek. Enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako bideragarritasun planean oinarrituta eman zuen laguntza publikoa Eusko Jaurlaritzak.

"Idoia Mendia gobernu bozeramaileak adierazi zuen diru-laguntza harekin enpresaren etorkizuna bermatzen zutela, 2016a bitartean ez zela kaleratze gehiago egongo eta beste enpresa batzuetarako adibidea izan zitekeela", ekarri dute gogora langileen ordezkariek. Baina azken asteetan gertatu dena ez dator bat iragarpen harekin, eta langileek azalpenak eskatzen dituzte: "Zein baldintzen arabera eman zen diru-laguntza hori? Zertan gastatu da diru-laguntza hori?".

Enpresa Batzordeak berriro salatu du, halaber, "Gallardo Taldeak ez duela enpresa aurrera ateratzeko benetako bideragarritasun planik eta enpresa irekita mantentzeko beste interes batzuk daudela jokoan".