Ustez Inazio Uriaren hilketan parte hartu zuen pertsona bat atxilotu dute Okzitanian

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko eka. 26a, 13:43

Isaias Carrascoren eta Inazio Uriaren hilketetan parte hartzea leporatzen dio Espainiako Barne Ministerioak Ugaitz Errazkini. Uriaren familia "pozik" agertu du atxiloketaren aurrean.

Asti taldeko kide izatea egotzita Frantziako Poliziak ustezko bi etakide, Ugaitz Errazkin hernaniarra eta Jose Javier Oses burlatarra, atxilotu ditu gaur goizaldean, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Ugaitz Errazkini leporatzen dizkiote Inazio Uria enpresari azpeitiarraren eta Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialistaren hilketa.

Toulousetik gertu atxilotu dituzte, Albin (Okzitania), Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin burutu duten operazioan. Operazioak irekita jarraitzen du eta Errazkin zein Osesen etxebizitzetan miaketak egiten ari dira. Atxilotuak miaketak egiten ari diren lekuan dituzte.

Inazio Uria 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk, Azpeitiko Loiola auzoan.

Uriaren familia "pozik"

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Inazio Uria hil zuen ustezko etakidearen, Ugaitz Errazkinen, atxiloketa "pozez" hartu du Uriaren familiak. Berri agentziek jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila Uria familiarekin harremanetan jarri da gaur, asteartea, goizean Errazkinen atxiloketaren berri emateko. Uriaren familiak ez du beste adierazpenik egin.