Nik ezagutzen ditut auzitegietako hormak

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea) 2012ko eka. 25a, 14:24

Nik ezagutzen ditut auzitegietako hormak. Ezagutzen dut Auzitegi Nazionala. Bertan, euskal herritarrak nola epaitzen zituzten ikusi dut. Abokatu bezala euren babesaz arduratu izan naiz, batzuetan, gainera, babes gabeziaren erreinu horretan. Nik ere, pertsonalki, dastatu dut Auzitegiaren funtzionatzeko modu ankerra. Auzitegian, jendea bere etorkizuna galtzen ikusi dut, kartzelara kondenatua. Besteak libre itzultzen ere ikusi ditut, baina momentu txar asko pasatuta.

Ez dut sentsazio on bakar bat ekarri Auzitegi Nazionaletik. Eta ulertzen dut eta neure egiten saiatzen naiz Aritz Arzallusen kezka. Zer gertatuko ote da? Zer ebatziko ote dute? herritar bat ataka horretan ikusita, neu ere, egoera horretan sentiarazten nau, apur bat bada ere.

Ze delitu egin du Aritzek bada? Herrikide, lagun, senide bat gogorarazi eta legez onartzen zaizkion eskubideak ez zaizkiola errespetatzen aitortzea delitua al da? Neuk ere, alkate bezala, urrun eta preso dauden herrikideak gogoan ditut, eta euren eskubideak errespetatzea eskatzen dut. Udaletik ere, euren Euskal Herriratzea behin baino gehiagotan eskatu dugu.

Zer du Aritz eta bion eta herritar gehienon desirak ilegaletik? Zer du ilegaletik, eskatzen duguna legeak aitortzen badu?

Zentzugabekeria da berez ere, baina kezkagarriagoa da epaiketa gaurko garaietan egitea. Testuinguru politiko honetan. Giza eskubideen defentsa, bakeaz, normalizazioaz, elkarbizitzaz hitz egiten zaigun garaiotan. Guztion eskubideak errespetatu behar dira, presoenak ere bai.

Asteartean Aritz Madrila doa. Ez doa bakarrik. Ea onik irteten den, Madrildik poz txiki bat dakargun. Eta haren ostean poz gehiago ditugun, herritik urrun daudenak herrian ditugulako behingoagatik.