Ruben Fernandez: "Jendaurrean kantatzeari beldur pixkat badiot"

Uztarria.eus 2012ko eka. 22a, 15:45

Abesteko afizioa txiki txikitatik du Ruben Fernandezek (Azpeitia, 1989). Adele abeslariaren kantu bat grabatu eta Youtubera igo zuen. Behin pauso hori emanda, "gitarra jotzen ikastea eta bere kantuak sortzea" ditu helburu azpeitiarrak.

Noiztik duzu kanturako afizioa?

Txiki txikitatik kantatu izan dut etxean. Osabarengandik datorkit afizioa. Ez naiz asko egoten berarekin, kanpoan bizi da-eta, baina egoten naizen bakoitzean kantatzen aritzen gara. Bera gitarra jotzen eta ni ahotsa jartzen.

Adele abeslariaren Someone Like You kantua grabatu duzu.

Lagunek esan zidaten kanta zergatik ez nuen grabatu eta sare sozialetara igotzen. Hasieran, lotsatu egin nintzen eta pentsatzen nuen, "nola egingo dut-ba hori!". Gero, buruari bueltaka aritu nintzen, eta koadrilako batek esan zidan bere mutil-lagunaren estudiora, Zubi Zaharrera, joateko grabatzera. Saiatzeko behintzat. Guztiz ondo ez zen atera, baina grabatu genuen.

Besterik grabatzeko asmorik ba al duzu?

Bai, laster grabatzekotan naiz. Ari naiz abesti batzuk prestatzen. Pare bat, momentuz. Dena dela, lehenengoa Zubi Zaharren grabatu nuen, baina datozenak etxean grabatuko ditut.

Yotubera igo zenuen abestia eta handik Facebook zein Tuenti sare sozialetara iritsi da.

Pozgarria da. Inork ez dit esan "zertan ari haiz?" edo "hori lotsa". Denek babestu naute. Lagunak-eta hor izan ditut. Horrek sortu dit beste abesti batzuk grabatzeko gogoa. 1.500 bat entzunaldi izan ditu abestiak Youtuben. Nik uste nuen sare sozialetan nituen lagunek soilik entzungo zutela; 400 batek. Baina egun batetik bestera, 700 bisitatik 1.000 izatera pasatu zen.

Kantu lehiaketaren batera aurkezterik pentsatu al duzu?

Ez, lotsa ematen dit. Agian, joango naiz denborarekin, baina oraingoz ez. Desberdina da jendaurrean kantatzea.

Jendaurrean aritzeari, beraz, beldurra diozu?

Lagunek esan izan didate kantatzeko, baina normalean ez dut abesten. Asko jota hiru lagunen aurrean kantatu dut. Jendaurrean kantatzeari beldur pixkat badiot. Egunen baten talderen batean kantatzea gustatuko litzaidake, inor prest balego. Orduan kantatu beharko dut jendaurrean.

Ingelesez kantatzen al duzu beti?

Ez dakit euskaraz kantatzen, eta ezta gazteleraz ere. Ingelesez kantatzeko modua edo ahoskera, errazagoa zait. Euskaraz kantatzen dut, baina ingelesez hobeto moldatzen naiz. Prestatzen ari naizen kantak ere ingelesez dira. Lagunek esaten didate euskarazko abestiren bat grabatu beharko nukeela. Pentsatu dut, baina zalantzak ditut kantua aukeratzerakoan.

Zein musika estilo gustatzen zaizu?

Pop-a, rock-a... euskal musika ere entzuten dut, baina abestu, abesten badut, lagunekin. Kanturako gustukoena Adele dut. Baladak eta rocka gustatzen zaizkit kanturako. Denetik entzuten dut, baina kantatu pop-rock eta baladak, normalean.

Musikan pausoak ematea gustatuko al litzaizuke?

Lehenengo gitarra jotzen ikasi behar dut. Gutxienekoa da. Neure abestiak egiteko beharrezkoa izango dut-eta instrumenturen bat jotzea. Hasi nintzen gitarra jotzen, baina laga egin nuen. Berriz hasi nintzen, eta utzi egin nuen. Orain, abuztuan, ama eta biok hasiko gara berriz ikasten. Ea zerbait behintzat ikasten dudan.

Zeure kantuak egitea aipatu duzu.

Bai, ea hasten naizen abestiak sortzen eta euskaraz egiten ditudan. Neure estilokoak, baina euskaraz.

Musikaren munduan, zertara iritsi nahi zenuke?

Momentuz, ez da nire lehentasuna kantuan aritzea. Denborapasa da. Jendeak animoak eman eta babesten banau ere, ez daukat laguntzarik. Esan nahi dut, ez daukat ez talderik, ez horretan aditurik aldamenean, eta horrek prozesua mantsotzen du.