LABek dio Corrugadoseko ekoizpen zati bat Madrilgo lantegira eramaten ari dela enpresa

Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 21a, 19:36
Corrugados Azpeitiako langileak Donostian, gaur, egin duten elkarretaratzea.

Langileak Donostian izan dira gaur, osteguna, Eusko Jaurlaritzaren Lan Delegaritzaren aurrean protesta egiteko.

Corrugados Azpeitia lantegiko langileak Donostian izan dira gaur, osteguna, Eusko Jaurlaritzaren Lan Delegaritzaren aurrean protesta egiteko. LABeko ordezkariek Hitza-ri esan diotenez, "enpresa Azpeitiko ekoizpenaren zati bat Madrilgo lantegira eramaten" ari dela jakin dute. Sindikatuaren ustez, horrekin hemengo EREa eta kaleratzeak "justifikatu nahi dituzte" –60 langile kaleratuko ditu enpresak–.

"Langileak zatikatu nahian" ari da enpresa LABentzat, eta horren harira jakinarazi du enpresa langile guztiei gutunak bidaltzen ari dela, batzuei esanez kaleratu egingo dituztela, eta besteei esanez enpresak beraiekin kontatzen duela. LABek langile guztiei dei egin die denek bat egin eta borroka dezaten: "Orain arte beste jarreraren bat izan dutenak ere gonbidatzen ditugu, ongietorriak izango dira. Gertatutakoak ahaztu eta aurrera begiratzeko unea da".

Bihar astebete egingo dute langileek greba mugagabean, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa agertu du langileen ordezkariak.