Ikasleak ibai-ertzak garbitzen

Uztarria.eus 2012ko eka. 21a, 13:35

Eguraldia lagun, herriko ikastetxeetako ia 200 ikasle Loiolatik hasi eta Lasaoraino, Urolaren ibai-ertzak garbitzen aritu dira. 08:30ean hasi dira lanean eta 12:00etan bukatu dute garbiketa. Gero, hamaiketakoa egin dute udaletxeko arkupetan. Azpeitiko Udalak garbiketan parte hartu duten guztiak zoriondu ditu. 

Ikasberri Ikastolakoak Loiolatik Sanjuandegira bitartean aritu dira lanean, Urola Ikastolakoak igerilekutik Okerkua baserrira eta Iraurgi Ikastetxekoak Okerkuatik Lasaora. Baigera erretiratuen elkartekoen laguntzaz egin dute garbiketa, eta beste zenbait herritar ere izan da laguntzen.

Udalak jakinarazi duenez, "garbiketa oso ondo joan da eta bi edukiontzi handi bete dituzte ibaian aurkitutako zaborrarekin". Horren aurrean, "herritarrei arduraz jokatzeko eta ahalik eta hondakin gutxien sortzeko bidea prebentzioa" dela gogoratu nahi izan dute udaletxeko ordezkariek. Aurrerantzean horrelako ekimen gehiago antolatzea aurreikusten du Udalak.

Joan den urtarrilean Udalak eta hainbat talde eta eragilek egindako deialdiaren ondoren egin bezala, oraingoan ikastetxeek hartuko dute lekukoa Urola ibaiaren bazterrak garbitzeko.

Argazki galeria egin du Urola Kostako Hitzak.