Ikasturtea bukatzear dute herriko ikasleek

Uztarria.eus 2012ko eka. 14a, 12:40

Gaur, osteguna, Itsasi Euskal Kultur Taldekoek emanaldia eskainiko dute Sanagustinen. Bihar, Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolako ikasleen txanda izango da, eta ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute. Zapatuan, berriz, Ikasberri Ikastolakoek egun osoko festa egingo dute ikasturteari agur esateko.

2011-2012 ikasturtea bukaerara iristen ari den honetan, herriko ikastetxeetako haur eta gaztetxoek, zein herriko zenbait tailerretako ikasleek jaialdiak egingo dituzte egunotan. Gaur, osteguna, Itsasi Euskal Kultur Taldeak urte amaierako dantza emanaldia eskainiko du, 19:00etan, hasita, Sanagustin kulturgunean. Ikasturtean zehar gaztetxoek ikasitakoa erakutsiko dute jendaurrean.

Bihar, ostirala, Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolako ikasleen txanda izango da. 20:00etan hasita, 47. jaialdia egingo dute kiroldegian. Ikastolako arduradunek esan dutenez, "azken urteetan arrakasta itzela izan ohi du jaialdiak. Hori dela-eta, oinarrizko segurtasun neurriak ere zalantzan jarri dira, eta beste edozein baldintzaren gainetik jarri behar da ikusleen eta parte hartzaileen segurtasuna. Hala, ikastolan aurrez banatutako sarrerak beharko dira jaialdira joateko". Trafikoari dagokionean, "oinez joatea gomendatu" dute, aparkaleku arazoak ekiditeko. Dena dela, aparkaleku berezia jarriko dute anexoan.

Zapatuan, hilak 16, Ikasberri Ikastolakoek agurtuko dute ikasturtea. 11:00etan hasita hainbat ekimen izango da Ikasberrin bertan. Besteak beste, orla banaketa, antzerkia, eskupilota partidak, argazki emanaldia, bazkaria eta kitarra taldearen emanaldia izango dira. Bazkarirako txartelak jada eskuragarri daudela adierazi dute eta gaur izango da sarrerak erosteko azkenengo eguna.

Iraurgi ikastetxekoek Gabonetako oporrak hartu aurretik egin zuten ikasturte bukaerako jaialdia.