Ikasleak ere pausoz pauso, idazten

Uztarria.eus 2012ko eka. 8a, 14:28

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten Urola Ikastolako ikasle eta irakasleek 'Pausoz pauso... euskaldun eleanitzak helburu' liburua, Sanagustin kulturgunean. Aurkezpen ekitaldian ikus-entzunezko lan bat emateaz gain, ikasleek egindako liburuko hainbat testu irakurri zituzten.

Urola Ikastolakoek azaldu dutenez liburuak "hainbat ikuspegi" ditu: "Gaztelaniako Mintegiak egindako ekintza akademiko baten eta gazteriaren sorkutzarako indarraren emaitza, Euskal Herriko herri eta ikastola zein ikastetxe guztiz euskaldun batean dagoen ikasleekiko aniztasunaren froga dira. Bestalde, ipuinen gaiak, garapena, estiloa, hiztegia eta hizkuntza mota gaur egunean hedabide nahiz multimedia ekoizpenetan nabaritzen ditugunak dira".

Liburua Gaztelaniako programazioaren nahiz Hezkuntza Prestakuntza eta Berrikuntza proiektuaren barnean, 2011-2012 ikasturtean Urola Ikastolan garatu den 'Oinarrizko gaitasunen garapena eta IKT baliabideak' proiektuko 'Irakurketa Plana' alorrean kokatzen da. Liburua finantzatu da proiektu horri dagokion diru kopuruarekin eta Urola Ikastlaren laguntzarekin. 200 ale kaleratuko dituzte, eta ikasleek euro batean eta gainontzekoek bost eurotan eskuratu ahal izango dute.