"Lapatx itxiko da, baina inoiz baino ardura handiagoz jokatzea dagokigu"

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko eka. 8a, 13:19
Udal gobernuko ordezkariak, atzoko prentsaurrekoaren atarian. (XABIER OTAMENDI)

Udal gobernuak pozik hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren iragarpena. "Oso garrantzitsua da Lapatx data zehatz baten ixteko konpromisoa izatea, orain arte ez baigeneukan datarik". Hala ere, "autokritika egin behar" dela uste dute, hondakinak kudeatzeko eredu berriari eusterakoan. Zabortegian ate ireki jardunaldi bat antolatu nahi dute hil honen amaierarako.

"Berri ona da zabortegi baten itxiera. Are gehiago, zabortegi horren ondorioak herrian bertan nozitzen aritu bazara. Eta berria ezinhobea da, zabortegi horren itxiera arduraz eta alternatiba erreal eta ekologikoekin emango dela ikusita", esan zuen atzo (osteguna) Eneko Etxeberria alkateak, Lapatx 2014. urtearen bukaerarako itxiko dela jakin ondoren udal gobernuko kideek eginiko agerraldian.

Bilduko gobernukideentzat "oso garrantzitsua da Lapatx data zehatz baten ixteko konpromisoa izatea, orain arte ez baigeneukan datarik". Foru Aldundiak proposatu duen hondakinen kudeaketa sistemaren baitan errauskailu beharrik ez aurrikustea ere garrantzitsua da Azpeitiko udal gobernuarentzat. Zabortegia ixteko derrigorrez errauskailua behar zela esanez "xantaia egin nahi izan zaie herritarrei", esan zuen Etxeberriak. "Zorioneko albistea da baita, zabortegi kutsakorren garaia bukatzea. Ez da berriro horrelakorik egongo, ez Azpeitian eta ez inon, eta errauskailu toxikorik ere ez da egongo".

Hala ere, "autokritika egin behar" dela uste dute, hondakinak kudeatzeko eredu berriari eusterakoan. Lapatx "neurri batean, gure utzikeriaren ispilu izan dela aitortu" behar dela iritzi diote udal agintariek. "Zabortegitik lezio bat atera" behar dela gaineratu dute, hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen bidean: "Ezin dugu sortu eta bota ibili, hondakinak zulo batean utzita desagertu egiten direla eta ahaztu egingo direla pentsatuz. Hori bukatu da, ez dugu nahi. Lapatx itxiko da, baina inoiz baino ardura handiagoz jokatzea dagokigu".

Ate irekiak Lapatxen

Hondakinen kudeaketaz herritarrekin egindako batzarretan jasotako eskaeretako bat kontuan hartuta, Udalak Lapatxen ate irekien jardunaldia egiteko asmoa duela iragarri zuen atzoko agerraldian Leire Etxaniz zinegotzi eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. "Oraindik ez daukagu data zehatzik, baina hil honen bukaera aldean egin nahi dugu. Diputazioko ordezkariren bat lotu nahi dugu ordurako, azalpenak eman ditzan".

Bestetik, Azpeitiko Udalak bat egin du Gipuzkoa Zero Zaborrek ekainaren 17rako antolatu duen ekimenarekin eta deialdia luzatu die herritarrei parte hartzeko. Horrela, Azpeitia Zero Zaborrek egun horretan Donostiara joateko jarriko dituen autobusetarako izen-ematea udaletxean ere egin daiteke gaurtik aurrea.

Alkateen agerraldia

Azpeitiko udal gobernuak baino ordu batzuk lehenago, komunikabideen aurrean agerraldia egin zuten atzo goizean Azpeitiko, Zarauzko eta Beasaingo alkateek, hondakinen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakia txalotzeko. Hiru herri horietako zabortegiak 2014 amaitzerako itxiko dituela esan du Aldundiak, eta erabakiarekin pozik agertu dira. "Izan ere, urtetan sufritu behar izan dituzte gure herritarrek, orain arteko kudeaketa ereduaren ondorioz, zabortegi hauek isurtzen duten kiratsa, kutsadura, lixibiatu, C02 isuriak, eta bestelako ondorio negatiboak. Beraz, ingurumena eta herritarren osasuna kaltetzen duten ondorio kutsagarri gehiagorik ez dugula jasango jakiteak poza eta lasaitasuna eragiten digu".

Are gehiago txalotu dute errauste planta ez egitearen erabakia: "Guretzat nahi ez duguna ez dugu besteentzat nahi eta, beraz, ez dugu nahi beste zonalde batzuetako herritarrek ondorio kutsakorrik eta arriskutsurik jasaterik. Alegia, ez dugu nahi gipuzkoar bakar batek ere errauste planta baten ondorio kaltegarririk jasatea. Eta horrelakorik ez dela gertatuko jakiteak ere pozten gaitu. Izan ere, hiru zabortegi hauen itxiera errauste plantaren eraikuntzarekin lotu izan dute orain arte, errauste plantaren eraikuntzak baldintzatzen zuen zabortegien itxiera. Eta zabortegien itxiera errauste plantaren eraikuntzari lotuta ez izateak eta beste inolako baldintzari lotuta ez izateak ere pozten gaitu, hori herritarrei txantaia egitea baita: arazo bat toki batetik kendu, beste toki batean arazo handiagoa sortzeko".

Gai honen inguruan azken egunetan beste alderdi batzuek "gezurrak" esan dituztela salatu zuten, EAJ, PP eta PSE-EE alderdiak aipatuz, eta hilaren 17an Donostian egingo den ekimenean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.